Aurreko larunbatean (maiatzak 4) Soraluzeko Ezozi auzoan jokatu zen Gipuzkoako Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketaren zazpigarren jaurtialdian 52 bolarik parte hartu zuten eta horien artean Elgeta taldeko Boni Plaza nagusitu zela jakitera eman dute antolatzaileek; bost txirlo botata irabazi zuen norgehiagoka. Bigarren eta hirugarren sailkatuek ere txirlo kopuru bera bota zuten.
Honakoa izan zen bola jardunaldiko sailkapena:
- Boni Plaza (Elgeta), bost txirlorekin.
- Joseba Espilla (San Joxepe), bost txirlorekin.
- Angel Ibarluzea (San Migel), bost txirlorekin.
- Markel Beitia (UDA), lau txirlorekin.
- Juango Uranga (Asola Berri), lau txirlorekin.
- Anartz Esteban (Asola Berri), lau txirlorekin.
Sailkapen nagusiari dagokionean, Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñozek eusten dio aurreneko postuari; bigarren jardunaldian jarri zen lider eta ordutik postu horri eusten dio. Hurrengo postuetan, berriz, gorabeherak egon dira. Ezoziko garaipenari esker, Boni Plazak hirugarren postutik bigarren postura egin du jauzi. Asola Berri taldeko Garikoitz Rodriguez eibartarrak, bestalde, ez zuen jaurtialdian parte hartu eta, ondorioz, bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da. Angel Ibarluzea laugarren da, Rodriguezekin puntutan berdinduta.
Hona hemen sailkapen nagusia:
- Santos Muñoz (Floreaga), 34 puntu.
- Boni Plaza (Elgeta), 29 puntu.
- Garikoitz Rodriguez (Asola Berri), 28 puntu.
- Angel Ibarluzea (San Migel), 28 puntu.
- Unai Loiola (San Migel), 23 puntu.
- Erik Muñoz (Floreaga), 21 puntu.