Itzulia Women 2024 Arroa aldetik sartuko da Itziarrera eta, handik, Itziar gaina igotzeari ekingo diote txirrindulariek. Hirugarren mailako mendatea jaitsi ondoren, tropela Debatik igaroko da Mendarora bidean. 12:45ak aldera espero da lasterketa burua Itziarren gora hastea eta aurreikuspenak betetzen badira, hamar minutu beranduago igaroko da Itziar gainetik. Debatik, berriz, 13:00ak pasatxo igarotzea espero da.
Hori guztia dela eta, Itziar eta Deba batzen dituen N-634 errepidea moztu egin beharko da. Jakitera eman dutenez, proba igaro baino ordu-erdi lehenago itxiko da errepidea eta parte hartzaileak pasa eta 30 minutura zabalduko da berriro ere. Hala ere, etena "lasterketaren erritmoaren araberakoa" izango dela iragarri dute. Antolakuntzak ezarritako jarraibideak beteta, gainera, Itziarko AP-8 autobideko 54 irteera puntua ere itxita egongo da 12:25 eta 13:25 artean. Deban, gainera, errepidearen alboetan ez aparkatzeko eskatu dute; kartelak jarri ditu udaltzaingoak.
Deban eta Itziarren ez ezik, eskualdean ere izango du eragina lasterketak; besteak beste, Soraluzen, Mendaron eta Elgoibarren. Nagusiki N-634 errepidean izango du eragina, batik bat Elgoibar inguruan; izan ere txirrindulariak bi aldiz igaroko dira bertatik.
Beharrezkoak ez diren itxaronaldiak eta arazoak saihesteko, gidariei eskatzen zaie ordutegi horiek kontuan har ditzatela. Halaber, errepidea gurutzatu behar duten oinezkoei ere eskatzen zaie kontuan har ditzatela ordutegi horiek eta arreta handia jar dezatela ibilbideak eragindako pasabideak zeharkatzean.
Etaparik "gogorrena"
Euskal Herrian jokatzen den emakumezkoen txirrindularitza proba nagusiaren lehen etapak Gasteiz eta Elgoibar batuko ditu. Biharko etapan 140 kilometro egin beharko ditu tropelak eta, antolakuntzaren arabera, edizio honetako "etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena" izango da. "Txirrindulariek biharko etapan egin beharko dute ahaleginik handiena".
Mendate puntuagarriak hiru baino ez dira izango, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. Iragarri dutenez, azken kilometroak izango dira gogorrenak, txirrindulariak gora eta behera ibili beharko baitira Elgoibarrera iritsi bitartean.