Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, bi urtetik behin antolatzen ditu Gure Balioak sariak. Orain arte, eskualdean "gizarte-balioen sustapenean" nabarmendu den pertsona edo entitatea saritu eta aitortu izan du publikoki, "jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik" ere. Alabaina, aurten lehenengo aldiz, hiru kategoria sarituko ditu: bizitza osoko ibilbidearena, proiektu sozialarena eta gizarte ekimenarena.
Deialdi irekia bailarako artistei
Aurtengo edizioan, Debegesak lehenengo kategorian, bizitza osoko ibilbidearen atalean, irabazleari ematen dion sari fisikoa aldatu egingo du eta berria aukeratzeko, sorkuntza artistikoak aurkezteko deialdia ireki du eskualdekoak diren nahiz hemen lan egiten duten artistei zuzenduta. Interesa dutenek formulario hau bete behar dute eta bertan gehitu egingo luketen piezaren diseinuaren bozetoa edota ideia.
Maiatzaren 24ra arte egongo da irekita hautagaitzak bidaltzeko aukera eta data horretarako nahikoa da lanaren zirriborroa edo diseinua soilik eginda izatea.
Lanak aurkezteko bete beharreko jarraibideak eta puntuatzeko erabiliko diren irizpideak ezagutu nahi izanez gero, kontsultatu Debegesaren webgunean.
Orain arte erabilitako garaikurra, Juan Luis Baroja Colleten diseinua.