1974an sortu zuten lehenengo bertso-eskola, Aretxabaletako Almen ikastolan. Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akixu bertsolariak izan ziren bertso-eskola haren sortzaileak, eta atzo, efemeridea ospatzeko, Aretxabaletan bertan ospatu zuten Gipuzkoako Bertso-Eskolen Eguna lurralde osoko bertso-eskoletako ikasleek. Bertsozale Elkarteko kideek antolatu zuten jaia, eta egun osoko egitaraua prestatu zuten 14 urtez azpiko gaztetxoentzat. Egitarauaren barruan, Gelatik Plazara sariketaren finala ere jokatu zuten. Zortzi eskualdetako talde bana aritu ziren finalean, tartean Debabarrenako taldea, Mendaroko bertso-eskolako hiru umek osatutakoa: Haritz Zubiaurrek, Mikel Romerok eta Luken Zulaikak.
Finalerako sailkatutako taldeak bi taldetan banatu zituzten, eta bi final jokatu zituzten, areto banatan. Debagoienekoekin, Goierrikoekin eta Tolosaldekoekin aritu ziren kantuan Debabarrenakoak, zehazki, Oñati, Lazkao eta Asteasu-Billabonatik joandako talde banarekin, eta Amaia Agirre bertsolariak egin zituen gai-jartzaile lanak. Lehenengo, etxetik prestatutako agurrak kantatu zituzten, eta etxean lo egindako bertsoen ondotik, bat-batean aritu ziren bertsolari gazteak. Lau ariketatan aritu ziren: puntuari erantzuten, bi oinak emanda, gaiari erantzunez eta ofizioka. Ofiziokako lanetarako, Iñaki Gurrutxaga bertsolaria (Orio, 1981) izan zuten lagun. Asteasu-Billabonako taldeak irabazi zuen sariketa eta azkeneko bi urteetan Gipuzkoako eskola arteko txapelduna izan den June Aiestaran Iparragirrek (Beasain, 2006) jantzi zizkien txapelak.
Baina ez zen sariketara mugatu atzoko eguna. Guztira, 130 bat gaztetxo elkartu ziren Aretxabaletan, eta elkarrekin bazkaldu ondoren, elkarrekin jolastu ziren. Bertso-eskoletako neska-mutilen arteko harremanak sustatzeko, Gipuzkoako Bertso-Eskolen mugimendua ezagutzera emateko eta gazteak mugimenduko kide sentiarazteko, eta bertsogintza eta hizkuntzarekin ludikotasuna lantzeko antolatzen du Bertsozale Elkarteak Bertso-Eskolen Eguna, besteak beste.