Txirristaka, ahanzturatik oroimenera

Berriketan 2024ko api. 29a, 09:49

Abenduaren 15ean 150 urte beteko dira Mendarok eman duen bertsolari handiena jaio zenetik. Eusebio Mugertza Azpiazu 'Txirristaka' zuen izena, eta bertso paperak saltzetik atera zuen bizimodua, besteak beste. Orain, haren omenez, kultur programa bat antolatu dute.

Nerez Mendaron jaiua naiz ni / Eusebio det izena / Donostiako ziudadian / aspaldi bizi naizena / makinatxo bat txorakeritan/ ibili izandu naizena, txikitan ongi aditu ez nuelako / apaiz jaun baten esana. Horrelaxe hasten du Eusebio Mugertza Txirristakak bere buruari eskainitako bertso sorta bat, 1974an Antonio Zabala idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1928 – Iruñea, 2009) Auspoa bildumarako argitaratu zuen Mendaro Txirristaka bertsolaria liburuan jasotakoa. Mendarok eman duen bertsolari handiena izan da Txirristaka, eta abenduaren 15ean 150 urte beteko dira jaio zela. 

Handia izan zen Eusebio Mugertzak bertsogintzari egindako ekarpena, baina hari buruz galdezka hasiz gero, asko izango dira Mendaron bertan ere izen bereko taberna baino ezagutzen ez dutenak. Horregatik, Txirristaka bera eta haren lana ezagutarazteko, kultur programa oso bat antolatu dute In Leikek, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean, Andoni Egaña bertsolaria lagun hartuta. Wikipediarako artikulua sortzea izan zuten lehenengo egitekoa, eta bost ekintza lotu dituzte orain abenduaren 15era bitartean gauzatzeko.

Hasteko, Txirristaka bertsopaper lehiaketa errekuperatu dute, urte askoan egin ez dena. Txirristakaren jaiotzaren 100. urtemugan antolatu zuen Guruzpe Kultur Elkarteak estreinakoz, eta bi sail izan zituen: Librean, eta Mendaroko Txirristaka gaia emanda. Euskaltzaindiko kideek egin zituzten epaimahai lanak bietan, eta gai librean, Fernando Aire Xalbador (Urepele, 1920 - 1976) bertsolariaren Jainkoa eta ni bertso sorta saritu zuten. Bigarren bertso sorta onena Jean Pier Mendibururena izan zen (Heleta, 1948-2022), eta hirugarrena Imanol Lazkanorena (Azpeitia, 1936). Mendaroko Txirristaka gaiari erantzun zioten lanen artean, berriz, Jabier Urbieta Urangaren (Mendaro, 1942-2023) bertso sorta aukeratu zuen epaimahaiak.

Txirristaka Bertsopaper lehiaketa

Bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin antolatu dute eta hiru kategoria izango ditu: A, B eta C. "Quisiera ser alcalde..." izango da kategoria guztietarako gaia -Txirristakaren beraren bertso sorta ezagunenetako bati egiten dio erreferentzia-.

Euskaraz idatzi beharko dira, neurri librean. A kategoria 2010ean edo ondoren jaiotakoentzat izango da, eta Debabarrenekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Gutxienez bi bertso eta gehienez lau osatu beharko dituzte. B kategorian, berriz, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoek (biak barne) parte hartu ahal izango dute, eta gutxienez lau bertso eta gehienez zortzi sortu beharko dituzte. C kategorian, azkenik, 2005ean eta lehenago jaiotakoek parte hartuko dute eta elkarrekin nolabaiteko batasuna duten 8-12 bertso osatu beharko dituzte. B eta C sailetan Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute.

Eukene Gurrutxaga, Dorleta Lazarobaster, Idoia Narbaiza, Ion Urbieta, Andoni Riaño, Alain Zulaika,Andoni Egaña eta Ainara Argoitia, ekimena sortzeko egindako estreinako bileran. SONIA GARCIA

 

Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dituzte: 100 eta 50 euroko kultura bono bi A kategorian; 200 eta 150 euroko bi sari B kategorian; eta 1.000 eta 500 euroko beste bi C kategorian. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 31 izango da. Parte-hartzaileek haien lana eta parte hartzeko datuak aurkeztu beharko dituzte, postaz (Mendaroko Udala. Herriko Enparantza plaza, 1. 20850 Mendaro) edo Udalaren webgunean jarritako formularioa beteta.

Lehiaketa honetako epaimahaia Debabarrenera lotutako bertsolaritza arloko hiru adituk osatuko dute: Irune Basagoiti bertsolari eta bertso irakasleak (Ermua, 2002), Asier Ibaibarriaga bertsozale eta epaile lanetan aritutakoak (Gernika-Lumo, 1973) eta Angel Ugarteburu bertsozaleak eta urte askoan bertso eskolen mugimenduan ibilitakoak (Berriatua, 1942). Oinarriak eta jarraibide gehiago Mendaroko Udalaren webgunean topa ditzakezue.

Performance-a eta gaztetxoentzako liburua

Ekainaren 14rako performance-a antolatu dute, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin. Bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu saioak. Herriz herri aritu ohi zen bere garaian Txirristaka bertso paperak saltzen, eta gisa berean ibiliko dira bi bertsolariok. Txirristakaren bertso jarriak kantatuko ditu batak, eta bertso horiei gaur egundik erantzungo die besteak. Txandaka arituko dira bertsolariak bi lanetan, kalean, 19:30ean hasita.

Antonio Zabalak jasota dauzka Txirristakaren bertso jarrietako asko 1974an argitaratu zuen liburuan. Urrea balio duen liburua da, baina ez, beharbada, publiko zabalarentzakoa. Horregatik, eta bereziki gaztetxoenei begira, haiei egokitutako liburua argitaratuko dute, ondo bidean irailerako. Andoni Egaña bertsolariari enkargatu diote idaztea, eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileari, irudiz janztea.

Txirristakaren omenezko kontzertua eta kantu bazkaria

Urriaren 25erako bertso jarrien jaialdia lotzen ari dira, Mutrikuko, Debako, Elgoibarko eta Mendaroko musika eskolekin lankidetzan. Propio aukeratu dituzte lau herri horiek, Txirristaka bizi izan zen garaian Mendaroko lurrak Mutriku, Elgoibar eta Debaren zati izan zirelako. Bertsolariak berak erabili izan zituen doinuetatik hamabi apartatu ditu Andoni Egaña bertsolariak eta haientzako jantzia sortzea proposatu diete bertso eskolei. Hau da, bakoitzak hiruna kantu berri sortzea Txirristakaren bertsoentzat, estilo, erritmo eta instrumentazio librean. 

Asko falta da oraindik abendurako, eta zehaztasun handirik ez dute zabaldu, zenbait kontu lotzea falta dutelako, baina abenduaren 15ean, Eusebio Mugertza bertsolaria jaio zen egunez, kantu-bazkaria egitekoa dute Mendaron.
Guzti horrez gain, herritarrek beren etxeetan gordeta izan ditzaketen Txirristakaren bertso sortak batzeko ahalegina ere egin nahi dute, Antonio Zabalak bere garaian bildutakoak baino gehiago egongo direla jakitun.

Horregatik dei egin diete Euskal Herri osoko bertsozaleei eta eskatu, etxean aleren bat gordeta izanez gero, antolatzaileekin harremanetan jartzeko, mendarotxirristaka@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Ezagutzen ez diren bertsoak jaso, bilduma osatu eta Txirristakaren lana nora arte zabaldu den ikusi nahi dute.