Sasi asko dago inguruan eta, eremua "ezkutuan" geratzen dela aprobetxatuz, jendea zaborra botatzera "ohitzen" ari dela ohartarazi dute. Arazoa "aspaldiko kontua" izan arren, azkenaldian areagotu egin dela adierazi dute. "Lehen, noizean behin, potoren bat edo poltsaren bat agertzen zen, baina orain gero eta zabor gehiago dago".
Lursailaren jabeek egoerak sortzen dien kezka plazaratu diote Berriketan-i, eta eskaera argia egin dute. "Lursailaren nagusiak izanda, egoeraren berri eman nahi dugu, bide batez, hau ez dela zabortegi bat gogoraraziz". Diotenez, askotariko zaborra pilatzen da bertan eta, ahal duten guztietan ingurua txukuntzen saiatzen badira ere, kexu dira zakarrak nonahi agertzen direlako. "Bertaratu orduko ikus daitezke jendearen utzikeriaren ondorioak; lata eta supermerkatuetako poltsa ugari daude edonola botata".
Halaber, obretako hondakin eta material ugari azaltzen direla ere aipatu dute. "Etxeren batean lanak egin eta nora botatzen dituzten hondakinak? Bada, hona etortzen dira! Duela gutxi, adibidez, txatartegirako bidean dagoen zubi zaharraren inguruetan obrako materialez betetako hogei bat zaku agertu ziren. Txatartegiko langilea zakuak baztertzen ibili behar izan zen, pasatzeko leku nahikorik ez zuelako".
Neurri berriak
Oraingoz erantzuleak nortzuk diren ez dakite, baina egoera saihesteko neurriak hartuko dituztela iragarri dute. "Guztia garbitu ondoren, hesitu egingo dugu, eta jendea kontzientziatzeko kartel bat jarriko dugu, gunea ez dela zabortegi bat ohartarazteko. Ea neurri horrekin jendeak zerbait errespetatzen duen".