Debako eta Itziarko lau ordezkari Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean

Berriketan 2024ko api. 25a, 12:15

Gaur hasten da Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Ekainaren 2ra arte lehian ariko diren bertsolarien artean daude Antton Aizpurua, Manex Astigarraga, Aitor Zubikarai eta Ander Zulaika.

Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea gaur hasiko da, Eskoriatzan, eta ekainaren 2ra artean 20 saio izango dira, bi itzulitan. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako herrialdeko txapelketarako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute. Ekainaren 2an jokatuko den sailkapen faseko azken saioa Soraluzen izango da.

Sailkapen fasean lehiatuko direnen artean Debako eta Itziarko lau bertsolari daude: Antton Aizpurua, Manex Astigarraga, Aitor Zubikarai eta Ander Zulaika. Bihar Gabirian ariko da kantuan Aitor Zubikarai. Maiatzaren 2an Zaldibian jardungo dute Antton Aizpuruak eta Ander Zulaikak. Eta, maiatzaren 10ean, berriz, Manex Astigarragaren txanda izango da, Mutrikun.

Saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko eta informazio guztia Bertsozale Elkartearen sare sozialetan eta web orrian (bertsozale.eus) egongo da ikusgai.