Bi lasterketa izan ziren aukeran: 23 kilometrokoa eta 11 kilometrokoa. Lasterketa luzerako 195 lagun zeuden izena emanda, eta motzerako, berriz, 158. Antolatzaileek iragarria zuten aurten bi ibilbideetako azkeneko zatia aldatua zutela, mendi-lanak zirela-eta, baina gainerakoan, ohiko ezaugarriak izan zituen Kilimon Trail mendi lasterketak.
Arratsaldeko lauretan abiatu ziren lasterketa motzeko korrikalariak Herriko Enparantzatik, eguzki galdatan. Horixe izan zen eguneko ezaugarria: bero sapa. Eta izan zuen eragina, jakina, kirolariek egindako denboretan ere. Lasterketa luzekoak 16:05ean abiatu ziren plazatik. Tropel horretan zen Igon Mancisidor debarra ere, aurtengo karteleko gizona eta orain arteko edizio guztiak jokatu dituena. Iazko probarekin alderatuta, hori bai, izen handiko korrikalari gutxiago izan dira aurten, baina gazte asko, eta Debako eta Itziarko kirolariak ere ugari.
Kilimon Trail lasterketa luzean Gontzal Murgoitio elorrioarra izan zen azkarrena gizonezkoetan (2:05:33), eta Walter Becerra sestaoarrak eta Igon Mancisidorrek osatu zuten podiuma, 2:08:30eko eta 2:17:37ko denborak eginda. Emakumezkoetan, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra nagusitu zen (2:42:01), eta Urrutiarengandik sei minutu eskasera helmugaratu zen Maite Maiora mendaroarra (2:48:25). Hirugarren Ainhoa Caporossi zumaiarrak egin zuen (2:48:47).
Lasterketa motza
Lasterketa motzeko lehenengo hirurek ordubete azpitik egin zuten. Imanol Inza zumarragarra izan zen helmugaratzen azkarrena, 0:56:37ko denbora eginda, eta minutu eta hogeita zortzi segundora helmugaratu zen bigarrena, Mikel Zabala. Gizonezkoen podiuma Mattin Odriozolak osatu zuen.
Emakumezkoetan, berriz, Lola Oiartzabal gasteiztarra izan zen onena (1:08:39), eta haren atzetik Leire Olazabal debarra (1:11:31) eta Garazi Korra gasteiztarra sartu ziren (1:13:34).