ITZULIA Basque Country 2024

Arriskuak merezi du

Andoni Urbistondo - Aiurri 2024ko api. 6a, 23:45

Argazkia: Itzulia.eus

Estrategia bikaina prestatu du UAE taldeak, eta Itzulia irabazi Juan Ayusorekin; Izuan jo du erasoa espainiarrak, eta Skjelmose ondo defenditu bada ere, Urkaregin hautsi du norvegiarra.

Etapa dotorea eskaini dute ziklistek Itzulia bukatzeko. Ziklistek, eta UAE taldeko kirol zuzendariak, Josean Fernandez Matxinek. Arbelean estrategia dotorea prestatu du Basaurikoak, eta prestatu bezala uztartu dira osagai guztiak, etapa bikaina osatu eta Itzulia irabazteko. Bax eta Igor Arrieta langileak sartu ditu ihesaldian, aurrena, UAEk. Ondoren Marc Soler kataluniarrak jo du Krabelin gainean. Soler bera Arrietak eta Bax-ek eraman dute lasterketa burura, eta Izuako pasaeran Soler Ayusoren zain geratu da, Skielmose nekarazteko.

Norvegiarra bikain aritu da, halere, bere burua ondo defendatuz, eta Markinara iristerako Ayusok Izua gainean zeraman 20 segundoko zuloa ixtea lortu du. Skjelmose, baina, hustu egin da jazarpenean, eta Ayusok indarrak gorde, Soler-en babesean. Urkaregi hasi eta berehala jo du berriro Ayusok, eta INEOS-eko Carlos Rodriguezek bakarrik eutsi dio. Entente on batera iritsi dira bi espainiarrak: etapa Rodriguezentzat, eta Itzulia Ayusorentzat, eta bidea egin dute Eibarko Toribio Etxebarria kaleko helmugaraino. Rodriguezek etapa eta podiuma lortu ditu, eta Skjelmosek lagundu die podiumean.

Etapa handia ikusi da, eta ikuskizunak aurreko etapetako erorketek eragindako zapore gazi-gozoa goxatu du, neurri batean. Zaila izango da Itzuliari erorikoen sona txarra kentzea, baina azken etapak, behintzat, apaldu du aurreko egunetako tristura.