Astelehenetik (apirilak 8) aurrera, Debatik igarotzen den DB05 lineako autobusaren ordutegiak moldaketak izango ditu. Egun horretatik aurrera, zehazki, Ondarroa eta Zumaia batzen dituen DB05 lineako lehen autobusa bost minutu lehenago aterako da Ondarroatik, hau da, 06:15ean. Era berean, Zumaiatik datorren autobusaren irteera ere bost minutu aurreratuko dela jakitera eman dute; 07:05ean aterako da autobusa, eta ez 07:10ean.
Garraio publikoaren ordutegian egingo diren aldaketa horiekin Deban trena hartzen duten erabiltzaileei garraiobide hori hartzea "erraztuko" dietela jakitera eman dute. "Inguruko herritar askok ikasketak egitera joateko edo Mendaroko ospitalera joateko Euskotreneko zerbitzua erabili behar dute eta aldaketa honekin ontzi aldaketa errazten dugu", azaldu du Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Aldaketak Itziarko geralekuan
Dominguez Debako alkatearekin elkartu da asteon, eta tokiko agintariaren eskariak aintzat hartu eta egoera aztertu ondoren, Lekeitio eta Donostia batzen dituen DB03 lineako autobusa Hostal inguruan jarriko den geltokian geldituko dela adostu dute. Zehaztu dutenez, eremua markesina batekin "txukunduko" dute.
Gaur egun, autobidearen sarreran dagoen biribilgunean gelditzen dira autobusak, baina laster gune hori "zerbitzurik gabe geratuko dela" eta geraleku berria erabiltzen hasiko direla azaldu dute aldunditik. Azahara Dominguezek azpimarratu duenez, autobusa gune horretan hartzen duten erabiltzaileek "geltoki seguruagoa eta irisgarriagoa izango dute autobusaren zain egoteko".
Alazne Txurruka Debako alkateak ere hartutako neurrien garrantzia azpimarratu du, Debako mugikortasunari buruzko gaiak jorratzeko egindako bileraren ondoren. "Akordio horri esker, bermatu egingo dugu garraio publikoaren erabiltzaileek autobus zerbitzua gune seguru eta eroso batetik eskuratu ahal izatea Itziarren". DB05 linearen ordutegia aurreratzeari dagokionean, bestalde, Eusko Trenekiko konexioa "erraztuko" dutela azpimarratu du, "transbordoetan trena galtzeko kezka ezabatuz".