Errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da. Gipuzkoan, esaterako, atzo (apirilak 3) abiatu zuten 2023ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina, eta uztailaren 1era arte iraungo du. Hori hala, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainari heldu dio beste behin ere UEMAk, bertako kide diren erakunde publikoekin elkarlanean, tartean Debako Udalarekin.
Errenta euskaraz egiten duten herritarren kopurua urtez urte gorantz doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dagoela dio UEMAk. “Horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez”. Deban, esaterako, 2023an (2022ko ekitaldikoak) egin ziren 3.043 errenta aitorpenetatik ia heren bat (894) euskaraz egin ziren eta, kopuru hori handitzen jarraitzeko, herritarrek aurtengo errenta aitorpena ere euskaraz egin dezaten animatzeko kanpaina abiarazi du udalak, Uemarekin elkarlanean. Kanpaina, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Ogasunarekin euskaraz! kanpainaren bidelagun eta osagarri izango da aurtengoan.
Hori horrela, Debako Udalak euskararen aldeko "keinu hau egitera" gonbidatzen ditu herritarrak eta errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten die.
Nola egin erreta aitorpena euskaraz?
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
- Autolikidazio proposamena: jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi dutela esan behar dute zergadunek; ogasunak aurrerantzean euskaraz bidaliko ditu agiriak.
- Mekanizatua. Hitzordua hartzerakoan, ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi behar dute zergadunek. “Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere. Ogasunak sinatzen ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu”.
- Internet bidezkoa: programaren euskarazko bertsioa deskargatu Internetetik eta euskara hautatu behar da hobetsitako hizkuntzaren atalean. “Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean, esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”.