Herbehereetan Alpeak jarri ezin diren bezala, Euskal Herrian ere ez da posible etapa lauez osatutako txirrindularitza lehiaketa bat prestatzea. Gure aberria aberatsa baita mendi eta mendatez, eta eskas bailara lauetan. Baldintza horietan, Itzuliko irabazlea beti, edo ia beti izango da maldan gora ondo moldatzen den ziklista. 20 mendate puntuagarri pasako ditu tropelak denera sei egunetan, baina zenbatu ezinak izanen dira punturik emango ez dituzten muinoak. Puntuak ematen dituztenak baino min gehiago egingo dutenak, akaso.
Erlojupeko bat ere bada, lehen etapan, Irunen. 10 kilometro hirian barrena, eta aldapatxo pare batekin. 15-20 segundoko aldeak egongo dira, asko jota, oilarren artean. Ezer ez, ondorengo etapetan ikusiko diren diferentziak gogoan. Bigarren etapak Ipar Euskal Herrian egingo du ibilbide osoa ia-ia. Irundik atera eta berehala barneratuko da tropela Lapurdiko lurretan, eta Behe Nafarroako Irisarrin kiku txiki bat eginda, Lapurdira bueltatuko da etapa, Kanbon bukatzeko. Mendate puntuagarri bakarra dago, Santinazio, baina dozenaka muino, gero, etaparen kontrola zailtzeko. Etapa dirudiena baino gaiztoagoa izan liteke.
Hirugarren etapa, Kanbo-Altsasu, egokia da ihesaldietarako. Bigarren mailako Otxondo igoko dute etapa hasi eta berehala, eta bertan maila oneko ihesaldia osatuko da. Usategieta, Uitzi eta Zuarrarrate hirukoa etorriko dira gero, Gipuzkoara Otzaurtetik sartu eta helmuga harrapatu aurretik Olaberria eta Lizarrusti igotzeko. Ez dirudi onenen artean mina egin dezakeen etapa denik. 3. etapa denetan luzeena da, 190 kilometro.
Laugarrenak bai, egingo du galbahea, bukaera gaiztoa baitu oso: Etxarri Aranatz-Legutio. Sakana eta Arabako Lautadan barrena egingo dute bidea aurrena, Opakua igotzeko, eta ondoren 75 kilometro eroso Oletatik Debagoiena eskualdera sartzeko. Han Untzilla bihurria igoko dute aurrena, Aramaiotik: 2.3 kilometro luze eta %8.5eko batez besteko malkarra. Ugari dira %10a gainditzen duten maldatzarrak. Aretxabaleta aldera doan jaitsiera ere oso teknikoa da, eta ondoren, arnasa hartzeko tarterik gabe, Leintz-Gatzaga aldapari ekingo zaio, Marulandan barrena: beste hiru kilometro gaizto, %8.7ko batez besteko pendizarekin. %18ko horma bat ere badago, herria pasa eta kilometro erdira. Gainetik bederatzi kilometro eskas daude Legutioko helmugara.
Bosgarren etapak Gasteiz izango du abiapuntu, eta Amorebieta-Etxanon bukatuko da. Urkiola gaiztoa igoko da 87. kilometroan, baina bertatik helmugara 90 kilometro luze geratuko dira. Zaila han tropela haustea. Muniketa eta Autzagane mendateetatik egingo den pasaera bikoitzak erabakiko du etapa garailea. Itzulia Eibar-Eibar etapa klasikoarekin bukatuko da. Denetan zailena da, zalantzarik gabe, kilometroz laburra bada ere (137 baino ez). Profilak beldurra ematen du, eta ziklistak ez, errepideetan ahuntzak ibiliko direla esan genezake.
Zazpi mendate ditu denera etapak, eta pilatutako desnibela ere ikaragarria da hiru ordu pasatxoko ibilbidea izanen duen etapa laburrean: 3.200 metro. Hirugarren mailakoak dira Elkorrieta, Trabakua eta Urkaregi, eguneko azken aldapa. Bigarren mailakoa Gorla, eta lehen mailakoak beste hiruak: Azurki lehena, Gipuzkoako mendate gogorrenetakoa (5 kilometro eta %7.4ko batez bestekoa); Krabelin gero, Azurki baino tenteagoa (5 km., %9,5), eta Izua azkena (4.1 km., %9.2).
Vingegaard-en arrastoan
Parte-hartzea egun hauetan jakinaraziko da, baina ziurra da jarduneko txapelduna Irungo irteeran izango dela, eta horrek asko baldintzatzen du Itzulia. Jonas Vibgegaard-ek hanka batekin irabazi zuen iaz Itzulia Izuan gora jotako erasoarekin, eta aurten ere gidoi bera errepika dezake danimarkarrak. Remco Evenepoel belgikarra izan liteke Visma taldeko oilarrari aurre egin diezaiokeen bakarretakoa.
Itzulia gurean
Apirilaren 6an, lasterketaren azken egunean iritsiko da Itzulia Debabarrenera. 2023an bezalaxe, 6. etapa hau (Eibar-Eibar) izango da lasterketa osoko jardunaldi nagusia. Arduradunek adierazi dutenez, "oso exijentea eta selektiboa izango da hasiera-hasieratik, eta sailkapen orokorreko txirrindulariak izango dira eguneko protagonista handiak". Gainera, etapa honetan txirrindulariak gure herriko mendateetan lehiatzen ikusteko aukera izango da, Lasturko Elkorrietan eta Azurkiko igoeretan hain zuzen.