'Berriketan.eus' atariko komunitatearen parte izateko gonbidapen irekia

Berriketan 2024ko mar. 27a, 14:05

Debako eta Itziarko edozein eragilek eta taldek, baita erakunde ofizialek ere, Berriketan komunikabidearen webgunean txoko propioa izateko aukera edukiko dute aurrerantzean.

Komunitatea Berriketan.eus ataria erabiltzen duten guztiena da: kazetariak, erabiltzaileak, zutabegileak, kolaboratzaileak... eta, oraingoan, taldeentzako gonbidapena zabaldu du Berriketan-ek, Debarekin eta Itziarrekin lotura duten kolektiboei espazio libre eta doakoa eskainiz, "denon artean tokiko euskarazko komunitate anitz eta indartsu bat sortzeko helburuarekin".

Elkarte kulturalek, kirol klubek, gizarte mugimenduek, aisialdi taldeek, plataformek, alderdi politikoek... guztiek gune propioa edukitzeko aukera izango dute aurrerantzean, beren informazioa, argazkiak, bideoak... argitaratzeko.

Albiste guztiak taldearen Komunitateko "blog" pertsonalean agertuko dira, baita webguneko portadako Komunitate blokean ere, argitaratzen diren heinean. Albisteok Berriketan.eus-en orri nagusira ere igo daitezke, baina aldizkariko erredakzioak bakarrik hartuko du erabaki hori, kazetarien irizpideen arabera (albistearen berehalakotasuna, herri mailan duen garrantzia eta orokorrean edukien oreka zaintze aldera).

Bidali mezua aldizkarira

Komunitateko kide izan nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute berriketan@berriketan.eus-era, hurrengo datuekin: taldearen edo elkartearen izena, deskribapen laburra, logotipoa eta helbide elektronikoa. Berriketan arduratuko da kontua sortzeaz eta profil horri baimen bereziak emateaz. Gero, sarbide-datuak (erabiltzailea eta pasahitz bat) bidaliko ditu bueltan, mezu berari erantzunda.

Erredakzioko kideek nabarmendu bezala, Berriketan.eus-ek debar eta itziartar guztiontzako euskarazko komunikazio tresna izatea du helburu. "Animatu eta zatoz zu ere gure Komunitatera, Debako eta Itziarko plaza digitalera!".