Elgetako bolaria oso ondo ibili zen San Migelen; zortzi txirlo botata, plenoa egitetik txirlo batera geratu zen. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Eibarko Asola berri taldeko Oier Ugarteburu eta Garikoitz Rodriguez bolarirentzat izan ziren; zazpina txirlo bota zituzten.
Laugarren eta bosgarren postuak, berriz, Elgoibarko San Migel taldeko bi bolarirentzat izan ziren. Angel Ibarluzea sailkatu zen laugarren, sei txirlo botata eta Unai Loiola bosgarren, beste seina botata. Seigarren, aldiz, Floreaga taldeko Santos Muñoz azkoitiarra izan zen. Honek ere beste sei txirlo bota zituen.
Alde gutxi puntuetan
Sailkapen nagusiari dagokionez, aldaketak egon direla esan dute antolatzaileek. 12 puntu lortuta, Azkoitiko Floreaga taldeko Santos Muñoz jarri da buruan. Atzetik dira, hurrenez hurren, Floreaga taldeko Erik Muñoz (11 puntu) eta Elgoibarko San Migel taldeko Unai Loiola (11 puntu).
Emakumeen sailkapen orokorrean, berriz, Elgeta B taldeko Geaxi Ezpeleta doa lehen postuan; 4 puntu lortu lortu ditu aurreneko bi jardunaldietan. Argitu dutenez, berdintasuna da nagusi emakumeen sailkapen orokorrean. Izan ere, puntu kopuru bera eskuratu dute hurrengo hiru sailkatuek ere. San Joxepe taldeko Olatz Arano dago bigarren, UDA taldeko Maialen Mendieta hirugarren eta San Migel taldeko Aitziber Olaizola laugarren.
Asteburuan atseden hartu ondoren, apirilaren 6an izango da txapelketaren hurrengo jardunaldia; Elgetako bolatokian izango da hitzordua, 17:00etatik aurrera.