2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, Baionan amaitu zuen atzo (martxoak 24) ibilbidea 23. Korrikak. Antolatzaileek biharamunean egindako agerraldian jakitera eman dutenez, inoizko ekimenik "erraldoi eta anbiziotsuena" izan da aurtengoa, "herria harro egoteko modukoa".
Egindako balorazioaren arabera, "itzela" izan da. "Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du".
Parte-hartze "masiboa"
Parte-hartze "masiboa” egon dela ere adierazi dute. Are gehiago, parte-hartze "masibo" hori herri gisa eta "denok batuta" egin dela zehaztu dute. "Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat".
Baina etorkizunerako asmoak gauzatzeko orduan, denen laguntza (erakundeena, kolektiboena zein norbanakoena) behar-beharrezkoa izango dela aldarrikatu dute. Hala, nabarmendu dute, "harro" daudela, baina ez konforme. "Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun".
Helburuak gaindituta
Balorazioa egitearekin batera, AEK-k Korrikarako ezarrita zituen helburuak gainditu dituela agertu dute. "Euskararen aldeko kontzientzia astindu du Korrikak, herri-gogoa hauspotzea lortu du". Lasterketan inoiz baino jende gehiago izateaz gain etxetik gehien jarraitu den edizioa izan dela ere gaineratu dute. "Lasterketan bertan parte-hartze masiboa izateaz gaiz, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau". Are gehiago, aurrekoen marka oro hautsi dela esan dute eta, hori, neurri handi batean, sare hedabideen elkarlaneko lanari esker izan dela aitortu dute. Eta arlo horretako balantzea behin betikoa egin ez bada ere, aurreikuspen ekonomikoak ere onak diruditela ezagutzera eman dute.
Horrekin batera, edizio honetan Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria zabaltzeagatik ere poza adierazi dute. "Euskara bera indartuta atera da eta, nola ez, Azterketa Euskaraz kolektiboa bera ere bai. Bihotz-bihotzez, espero dugu Korrika honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari begira".