Harro Herri lelopean abian da 23. Korrika. Euskaldun herriaren harrotasuna aldarrikatuko duen lasterketa bihar (martxoak 20) helduko da gurera, baina, aurretik eta, gero ere, beste hainbat ekintza egingo dira euskararen aldeko ekimen erraldoia girotzeko. Gaur (martxoak 19), esaterako, biharko motorrak eta giharrak berotzeko aukera ezin hobea izango da Itziarren egingo den Korrika Txikian. Lizarbe Guraso Elkarteko kideek, hain zuzen, Bikain jatetxearen parean batzeko deia egin diete herritarrei. 15:00etan jarri dute hitzordua eta, handik, herrigunea zeharkatu ondoren, eskolaraino ibilbidea egingo dutela jakitera eman dute.
Bihar (martxoak 20), berriz, Debako ikasleen txanda izango da. Antolakuntzatik zehaztu dutenez, 23. Korrika udalerritik igaro ondoren hasiko dute lasterketa; 15:00ak aldera, kioskoan batzeko hitzordua jarri dute. Calbeton Zumarditik zehar egingo dituzte lasterketaren lehen metroak eta ondoren, Lersundi kaletik barrena sartuta, alde zaharretik jarraituko du lasterketak. Lekukoa eskuz esku ibili ondoren, Foruen Plazan amaituko dute ekitaldia.