Debabarrenako Pentsionisten Mugimenduak, AGIJUPENS Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak, Duintasuna Gipuzkoako Jubilatuak eta Pentsiodunak elkarteak, Eibarko Matraka neska* gazte taldeak eta Ernai Euskal Herriko Gazte Erakundeak deituta, osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egingo da bihar (martxoak 16) Eibarren. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Untzaga plazatik.
Deitzaileek Eibarko kaleak betetzeko deia egin dute, eta gogorarazi dute biharkoa eskualde mailako mobilizazioa izango dela. Osasungintza publikoa defendatu! Pribatizaziorik ez! lelopean, Osakidetzaren "desegitea eta pribatizazioa" salatu eta osasun arreta "publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubidea" aldarrikatuko dituzte herri armagineko kaleetan zehar.
Hiriburuetan ere
Ildo beretik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan ere "Osakidetzaren desegitearen" aurkako manifestazioak daude iragarrita biharko. OPA Herri Plataformak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak biltzen dituen antolakundeak deituta, Kalitateko osasun publiko baten alde. Osakidetzaren desegiteari ez. Pribatizaziori ez lelopean egingo dira hiru mobilizazio horiek.
Osasun publikoa defendatzera deitu dituzte herritarrak, "osasun arreta publiko, unibertsal eta kalitatezkoa jasotzea oinarrizko eskubidea" dela ohartarazita. Bilboko manifestazioa Bihotz Sakratutik abiatuko da, 12:00etan; Donostiakoa, Bulebarretik, 17:00etan; eta Gasteizkoa, Bilbo plazatik, 12:00etan.