Gasteizko Santa Maria Kantoiko laugarren zenbakian dagoen Eva Forest Liburutopia ere hasiera bat bizitzen ari da. Kafea eta liburuak eskaintzen ditu espazio goxoan, Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoaren sortze-prozesuari loturiko liburua aurkeztu zuen jendaurrean. TTAPek jaso zuen saioak emandakoa.
Gasteizko Liburutopian gaude, Santa Maria kantoiko laugarren zenbakian. Ezusteko atsegina Gasteizen bizi ez garenontzat eta, ziurrenik, bertan bizi diren hainbatentzat. Liburutegi-kafetegia berri samarra baita. Gorka Urbizu, halako toki bat, badira guretzat arnasguneak.
Bai, toki sekretu bat. Gune aproposa iruditu zitzaigun Kaier bat aurkezteko. Online ikusi genuen, eta aurrez aurre askoz politagoa da, oraindik. Eskerrik asko, gure aldetik, aurkezpena egiteko aukera emateagatik.
Janela bat abestuz ekin diozu gaurko aurkezpenari. Ez dakit Euskaltzaindiari bota diozun erronka bat ote den. Berria-ko albiste zahar bat hartuta, irakurri genuen behinola Euskaltzaindiak hainbat adiera onartu zituela. Aerobik, show, portzierto, lasagna, fabada, polboroi… Tira, Change.org bat egingo al dugu Janela adiera onar dezaten?
Antikomunista, uste dut, onartu dutela orain.
Eta Janela, zure ekarpena.
Badut anekdota bat. Izan ere, biziraun onartu zuten orain oso gutxi. Berri Txarrakekin bagenuen kantu bat, 2001ekoa. Antza, ilegala zen lau urtera arte edo.
Kaier bat aurkeztera etorri gara. Gutizia baten aurrean gaude. Liburu formako objektu eder bat da. Erosoa, neguko berokiaren poltsikoan sar daitekeena eta argazkiez, elkarrizketez eta Gorkaren eskuizkribuez betea. Gorka Urbizuren sormen prozesuaz gehiago jakiteko baliagarria da.
Letra ulertuz gero.
Hori da. Gorkaren letra ulertu beharra dagoelako. Letra txarra dugunontzat lasaigarria izan da, bai. Kaier bat, baina denbora tarte txikian itzulera bat iragarri zenuen. Disko bat, bira bat, kaier bat. Zer gehiago dago txisteran?
Nahikoa eta sobera. Bai, martxan nago. Hasiera bat-en aroa ireki da, eta birari ekin diogu. Zuzenekoetan buru-belarri gabiltza. Oso hasiera hunkigarria eta berezia izaten ari da. Diskoa aurkezten nabil eta liburuxka argitaratzeko ideia sortu zen. Hasiera batean, zoro samarra zirudien, bestela ere nahikoa lan bagenuelako. Baina, aldi berean, Ibai Arrieta bezalako argazkilari puska bat izan genuen grabaketa-saioan. Tokia oso berezia izan da, Lleidako Guissona herrian dagoen grabaketa-gunea. Antzoki zaharra da, eta tokiak grabaketa-prozesu osoan eragin du. Hori ere jaso nahi genuen. Liburuxka banuen. Bilaketa prozesu luze bat izan da, eta pista batzuk agertzen dira izenburuen ingurukoak, letrak nondik sortzen diren, diskora joan ez diren ideia solteak, Itziar Ugarteren lana...
Kantuen zerrendari erreparatuta, aldaketatxoak egin zenituen...
Aldaketatxoak ez, izenburu guztiak aldatu nituen. Izenburuekin ez nengoen batere eroso, masterra AEBetara bidali genuen eta bueltan metadatuekin iritsi ziren. Metadatu horiek garrantzitsuak dira, bertatik zabaltzen baitira plataforma ezberdinetan agertuko diren kantuen izenburuak. Gau hartan, ez, ez, ez... nioen, eta bueltan idatzi nion lana berriz hutsetik hasi beharko zuela izenburu guztiak aldatuko nituelako. Bat izan ezik, Besterik ez. Gainerakoak bat hitzarekin amaituko ziren; azken orduko burutapena izan zen, gerora pisu handia hartu duena.
Izenburuak ere minimora eraman dituzu. Kantuak ere elementu oinarrizkoekin osatu dituzue eta izenburutaraino iritsi zarete deseraikitze ariketa modukoan.
Denak badu koherentzia estetikoa. Hitz batekin laburbildu badaiteke diskoa, soiltasuna eta gordintasuna aipatuko nituzke. Ez dago artifiziorik, ez dago soberan dagoen ezer. Oso esentziala da; muinera jo dugula, nolabait ere. Irizpide horri prozesu osoan eutsi diogu. Eta hori ikus dezakezue kantuetan, izenburuetan, soinuan, grabaketa-prozesuan ikus daiteke igandero igotzen ari garen lyric-bideo horietan. Artisautza lana da, oso soila. Ez du esan nahi erraza denik. Kontrakoa, esango nuke. Hautu hori hartzeko, ez dakit adorea deitu, bada apustu bat ez dena erosoena, kantuek nahikoa nortasun eduki behar dutelako hunkitzeko, norbera nahiz entzulea. Bazen erronka modukoa, eta zorte handia izan dut Jordi eta Joan ekoizleekin bat egiten genuelako soiltasuna bilatzeko gogo horretan. Tentazio orori muzin egin diogu, ahots gehiago edo grabazio-pista gehiago sartzea saihestuz. Grabaketa zortzi pistako aparailu batean egin dugu eta horrek behartu gaitu abestien konponketetan eta letretan ekonomia handiko lana egitera. Kendu eta kendu ibili gara, kantuak soilduz.
“Eszena domestiko batetik abiatzen den kantua da 'Etxe bat'”
51 hilabete igaro dira zure kantuekin berriro oholtzara igo zaren arte. Denbora behar izan duzu iraganean utzitakoari distantzia emateko. Berri Txarrak egitasmo handi bat zelako, eta denbora behar izan duzu proiektu berri baten bilaketan. Asko estutu zaitu horrek, exijentzia handia sentitu duzu Hasiera bat aurkitu arte?
Prozesua gorabeheratsua izan da. Martxan zebilen tren batetik salto egitea erabaki nuen, abiada handia zeraman trena zen. Oso erosoa, eta urrutira eramaten ninduena, bestelako bide bati ekiteko. Banekien sortzen jarraitu nahi nuela, baina beste nonbaitetik eta, beharbada, horrelako marka edo etiketa gainetik kenduta.
Oso harro nago egindakoaz, eta niretzako izango da nire bizitzako proiektua. Hor sortu zen komunitate hori, konexio hori jendearekin... Kantuak hor daude, bederatzi disko dira. Ondare hori hor dago, eta oso bizirik dago. Jendeak oraindik ere idazten digu, kantuak bizirik daude eta oso harro nago. Baina, sortzaile bezala, sentitzen nuen inertzia batean murgilduta nengoela eta behar nuela, hasteko, geratu eta atseden hartu. Balioztatzeko ere egindakoa. Orain ikusten ditut Berrirekin egindako gauza piloa eta harrituta geratzen naiz zenbat gauza egin genituen ikusita. Eta zenbat esperientzia bizi izan ditugun. Asko bete nauen proiektua izan da. Hor dago, lozorroan.
Behin hori utzita, pandemia etorri zen. Mundu mailako pause orokorra izan zen, guri arrazoia emanez bezala. Jende askok pentsatzen zuen prest edukiko nuela zerbait, eta ez nuen ezer idatzita. Niri asko kostatzen zait disko baten aurretik egingo dudanaz teorizatzea. Ideia batzuk izan ditzaket, baina egin ahala egiten dira gauzak. Itsuaren pareko eskua izan diot disko berriko kantu batean, eta bada pixka bat haztamuka ibiltzea. Sorkuntza hori da. Egon naiz estilo bateko kantuak grabatzen, egon naiz bestelako estiloak lantzen, egon naiz neure buruarekin borrokan. “Zer eskaini behar ote duzun, testuinguru honetan, zure posizio pribilegiatutik". Buruan hori egon da hor, eta halako batean ildo bat ikusten duzu.
Denbora-tarte honetan, jakinda hainbeste lagun dituzula musika munduan, nekagarria izatera iritsi daiteke jendeak zuri etengabe zertan zabiltzan eta noizko egingo duzun zerbait galdetzea?
Bai, eta ez. Alde batetik, polita da, ikusten duzulako beste aldean badagoela norbait zuk egingo duzunaren zain, eta hori ere pribilegio bat da. Gauza handia da. Beti esaten dut sortzea badela itsasora botila bat mezu bat daramala botatzearen parekoa. Ibilbide bat badut, erantzun handia izan duena. Badakit badaukala entzun fidel-fidela eta badakit jendea zain eduki dezakedala. Zain bai, akaso, lehen segundoan, baina gero... Niretzat negoziaezina da zerbait benetakoa, kalitatezkoa eta beteko nauen zerbait eskaintzea. Eta hori, kasu honetan, ez da batere erraza izan. Kantu izatera iritsi ez diren ideiak landu ditut, baina forma bat bazutenak. Arrazoi bategatik edo bestegatik buruak esaten zidan hori ez zela orain ateratzeko momentua. Zailena niretzat hautu estetikoa hartzea izan da. Biluztearena, kentzearena. Kantu bat janztea bada erronka bat, baina askoz erronka zailagoa da kantuak minimora eramango ditugula erabakitzea. Pirotekniarik gabeko artefaktua da Hasiera bat. Oso soila, baina bere soiltasunean gauzak gertatzen dira eta gauzak esaten dira.
Hitzaurrean diozu: "Glups. Ze inportanteak abiapuntuak". Jar gaitezen Intxaurrondon, 2024ko otsailaren 23an. Zer abiatu zen orduko hartan? Igandeko emanaldian izan nintzen eta adierazi zidaten ostiralekoan, hasieran, urduri zeundela.
Urduri nengoen, noski! Eszitazio modukoa izan zen. Itsasora botatako botilarena aipatu dizut, eta orduantxe zen unea ikusteko zein zen jendearen erreakzioa. Noski, horren zain zaude, jendeak kantuak nola jasoko dituen zain. Taldea berria zen, dena zen berria… Gizartea bera ere, eszena asko aldatu da. Jende askok esan dit behar zuen diskoa egin dudala, babes modukoa topatu duela diskoan, eta sentipen hori izan badu batek baino gehiagok, helburua beteta dago, nire ustez. Niretzat izan delako hori. Diskoak badu sosegutik. Bakea eta sosegua eskaintzen duen diskoa da eta jendeak opari modura jaso du. Ezustean ateratakoa, gainera. Horrek are eta balio handiagoa eman die kantuei, eta horrekin oso pozik nago. Kontzertua barbaridadea izan zen niretzat. Errespetuzko giroa, ia-ia liturgia modukoa. Isilik egon behar zen, adi. Telefonoak eta gailuak ahazteko gonbita luzatu nuen, eta kasu egiguzue! Hurrengo egunean kasik ez zegoen irudirik, eta hori oso polita izan da. Kantuen indarra txundigarria da, oraindik ere harritzen nauena, intimoa den zerbait kolektibora pasatzen denean. Donostiako kontzertuan, Katamaloren kantua jo eta jendea kantuan hasi zen, Argentinako estadio batean egongo bagina bezala, eta oso hunkigarria izan zen. Mikrofonotik aipatu nuen: "Hau ezagun duzue, baina hurrengoa berria da eta, akaso, ez duzue ezagutuko". Eta disko berriko kantuarekin hasi, eta berdin-berdin jarraitu zuten. Misterio eder bat da.
Kaier bat Post It-ez beteta daukat eta dena aipatzea ezinezkoa izango zait. Pasarte batean diozu: "Saiatu naiz ikasten, saiatu naiz ahazten. Saiatu naiz nola-zen-hau. Saiatu naiz gu. Saiatu naiz ni. Saiatu naiz zuek. Saiatu naiz, zin dagit". Zaila izanda, zuretzat, Gorka Urbizu konpositorea izatea?
Bai. Borroka hor dago. Egoa da, eta ez nabil harrokeriarekin lotzen, pentsatzea honek edukiko duen erantzun horretan. Hori da egilearen paradoxetakoa. Egilearentzat zabiltza lanean, baina ez duzu egilea asetzeko lan egin behar. Hori minaz betetako zelaia da. Ariketa bat egin behar da norberarekin. Diot "saiatu naiz nola-zen-hau", eta horrekin esan nahi dut nola zen hau inor begira ez zegoenean. Gogoan ditut disko zaharrak, baina ez dut gogoan nola egiten nuen. Baina ez dut gogoan halako presiorik nuenik. Beharbada, edukiko nuen, gauzak ahaztu egiten direlako. Jaio.Musika.Hil nola egin nuen? Bada, irten egin zen, ez dakit... lana egingo genuen, erruz. Alde horretatik, kantu bat egitea bada beti hasiera bat. Nahiz eta urteak eraman kantugintzan, artisauza lan hori aldatzen doa... Kasu honetan, gainera, obsesionatu nintzen aurreko Gorkarekin etena egon zedin. Horregatik saiatu nintzen beste estilo batzuekin, idazkerarekin ere tematu nintzen dezente. Halakoren batean erlaxatu nintzen eta "zertan zabiltza?" esan nion neure buruari. Akaso, ez zen unea hainbeste esperimentatzeko. Bada hari bat hasi nintzenetik, eta ordutik hemen nago. Noski, nabarituko da eta hori ondo dago, neure estiloa delako. Hori garatzen bada, hobetzen bazoaz, nahikoa da. Ez da zertan obsesionatu behar aurrekoarekin antzik ez izateko. Aro hori igaro nuen, eta, zorionez, gainditu nuela uste dut. Ez naiz obsesionatu. Badira ale batzuk Berri Txarrakekin egongo ez zirenak, beharbada. Estilo aldetik zerbait berria dakarte eta beste batzuek ez hainbeste. Nire idazkera da.
Etxe bat kantuak jende asko hunkitzea lortu du. Aurreko igandeko emanaldian, gainera, zure etxeko guztiak bertan ziren.
Zakurra falta zen.
Zakurra izan ezik. Kantu hura lehen aldian entzun nuenean estilo bertsuan idatzita dagoen Ruper Ordorikaren Hargiñenea kantuarekin akordatu nintzen. Anaia aipatzen du, Azkarateko estudioa, "kantu bat bizipozaren alde", dio letrak... Zuk, nolabait, etxekoak sartu dituzu kantuan. Familia giroko eszena intimo bat kantu bilakatu duzu.
Eszena domestiko batetik abiatzen den kantua da. Tom Waitsek zioen kantuak mundura botatzen zituela eta kantuei esaten ziela: "Joan munduan barrena eta gero bueltatu, eta, ahal dela, diruarekin". Ez dut hori esan nahi, baina sekula ez dakizu zein bide egingo duen kantu batek, eta hori ere misterio eder bat da. Batzuetan, fitxa guztiak kantu batengan jartzen dituzu, eta gero, kantu hori hor geratzen da, Katedral bat kantuan diodan bezala hegalik gabe, eta erori egiten da. Etxe bat kantuarekin izan genuen debatea, estudioan. Batetik, estetikoki. Gitarra akustikoarekin jotzen nuen, eta diskoak badauka beste ildo bat, sofistikatuxeagoa da. Letrarekin, oso etxeko gauza zela ikusten nuen. Intimoa, domestikoa, zelako. Eta nioen nori inporta zaio nire zakurra, ilobak... Gertatu izan zait diskotik kanpo uzteko tentazioa, eta esan nuen: "Ez". Hau badoa diskoan. Punto. Eta begira.
Egoera horretan irudikatu gaitezke asko eta asko.
Bai, zeren eta gauza pertsonalak edo intimoak izateagatik dira, hain zuzen ere, unibertsalak. Nik ilobak ikusten ditudan tokian besteren batek alaba ikus dezake. Oso hunkigarria da Etxe bat kantuari buruz jaso ditudanak. Eszena domestikoa da, eta badirudi ez dela ezer gertatzen, baina giroan badago zerbait eta hori denboraren iragaitea da, zerbait galtzearen beldur hori. Eta hori bai dela unibertsala.
“Martxan zebilen tren batetik salto egitea erabaki nuen"
Hegaldia hartu duzula diozu, bi aldiz pentsatu gabe. Bidaiatu, bidaiatu duzu beti. Disko honetan badago barne bidaia bat, baina, bestalde, bidaiatzea bada zure joeretakoa. Zure baitan zerbait mugitzeko, ikasteko, ikusteko?
Bada barne bidaia bat. Lau urteko isilune honetan baliatu dut bidaiatzeko. Gogoko izan dut bidaiatzea. Taldearekin ere asko bidaiatu nuen, baina batzuetan... Berri Txarraken garaian Rubiok zioen: "Egon gara Parisen lau aldiz eta ez dut ikusi Eiffel dorrea". Kamerinoa, aretoa, furgoneta ikusten zenuen.
Wuhanen zer ikusi zenuten?
Wuhanen azoka famatu hartan izan ginen. Ez dakit hori zen, zehazki, baina gisa horretako azokan izan ginen.
Liburuan asko aipatzen da biluztu, erantzi... Argazki askotan gerritik gora biluzik daude zure taldekide gehienak. Zu izan ezik.
Ni letretan biluztu naiz, eta nahikoa horrekin.
Hori esan behar nizun. Horri buruz galdera egin behar nizun, baina nola ez nekien. Eta ondorio berera iritsi nintzen. Zer galdetuko diot, erabat biluztu dena hura izanik?
Egia da Guissonako bertako klima kriminala dela. Lleidako Segarra bailaran dago eta diskoa grabatu genuenean 40 graduko tenperatura genuen. Bero sapa, ezin zen egon. Orain entsegu batzuk egin ditugu bertan, neguan, eta lau kalefakzio eta ezin berotu. Sekulako lainotzarra. Muturreko klima. Titiburuak pixelatuta, kantu batean diodan bezala.
Zuzenekoetan hainbat bertsio eskaintzen ari zarete. Horietako bat, Katedral bat, Intxaurrondon entzun genuen. Ikusleen eta zure taldekideen arteko sinbiosi miragarria gertatu zen. Izan ere, ikusleria kantari jarri zen eta gure tokitik, behintzat, entzun zitezkeen taldekideen koruak. Sinbiosi hori magikoa izan zen, kontzertuko momentikoa izan zen.
Taldean abesteko gogoz dagoen jendea izatea gozamena da. Hori nobedadea eta luxua da niretzat. Osatu dugun taldean bostok abestu dezakegu. Oso sentsazio polita da.