Aste Santua gerturatu ahala, urteko lehen kontzertua eman ohi du Debako Musika Bandak eta, aurten, martxoaren 16an izango da, 12:30ean, elizako klaustroan. Emanaldiaren ostean, gainera, "herritarrekin batera" bazkaria eta dantzaldia egingo dute Itziarko Bikain jatetxean. Bazkaria 15:00etan izango da eta autobusa 14:30ean irtengo da estalitako pasealekutik. Bazkarirako eta autobusean joan-etorria egiteko txartelak Debako turismo bulegoan, eta Igarza eta Mazzantini tabernetan daude salgai. "Bazkarirako txartelak 30 euroan salduko ditugu eta autobusekoak, aldiz, bi euroan".
Musikariek azaldu bezala, bazkideei eskerrak emateko baliatuko dute kontzertua. "Gaur egun 300 bat bazkide ditugu, eta herritar horien babesa eskertu nahi dugu beste behin ere". Ildo beretik, esker oneko hitzak dituzte emanaldietara hurbiltzen diren jarraitzaileentzat ere.
Bazkide kanpainarekin hasita daudela iragarri dute. Kontzertuetan egin daiteke bazkidetza, baita Interneten ere, sare sozialen bitartez. Helduen urteko kuota 12 euroan eskaintzen dute, 12 urtetik beherakoena 6 euroan, eta familiarra (hiru kide baino gehiagorena) 30 euroan; askotariko opariak zozkatzen dituzte bazkideen artean.