Argazki zaharren atala estreinatu du 'Berriketan'-ek atari digitalean

Berriketan 2024ko ots. 27a, 11:31

Azken hilabeteotan ohiko bilakatu da aldizkariaren paperezko edizioan argazki zaharrak kaleratzea, eta aurrerantzean Interneten ere presentzia izango dute irudi horiek. Berriketan-ek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki esanguratsu horiek atal honetan partekatzera.

2023ko maiatzaz geroztik, tokiko komunikabideak argazki zaharren atala berreskuratu du paperezko argitalpenean, orain urte mordoxka bat egin ohi zuen bezala. Eta aspaldiko irudi horiek berriketan.eus webgunean ere egongo dira ikusgai hemendik aurrera, komunitateko Argazki zaharrak atalean, erabiltzaileek noiznahi eta nonahi ikusi ahal izateko moduan.

Hilero Debako edo Itziarko argazki zahar bat argitaratu nahiko luke hedabideak, baina ez du kopurua aurrez mugatuko, zenbat eta irudi gehiago lortu, orduan eta aberatsagoa izango baita bilduma. Hortaz, Berriketan-ek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, bertan agertzen denaren inguruko azalpen testu motz bat idatzi eta informazioa partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke erredakziora (berriketan@berriketan.eus helbide elektronikora) edo eskura eman daiteke bestela (bulegoan, Ifar kalea 12, behean).