Inauterietako bilduma osatzeko argazki bilketa egingo du 'Berriketan'-ek

Berriketan 2024ko ots. 9a, 11:25

Herritarren argazkiak jaso nahi ditu komunikabideak, otsaileko aldizkarian eta webgunean bilduma herrikoi eta koloretsua sortzeko helburuz. Otsailaren 14a izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna.

Herri aldizkariak inauterietako argazki ezberdinekin osatu nahi du otsaileko alea eta, beste urte batez, argazkiak bidaltzeko eskatu die herritarrei. “Urtero bezala, inauterietan argazki bilduma osatzeko argazki eske dator Berriketan. Atera argazkiak, horiek guri helarazi eta gustura kaleratuko ditugu”, azaldu dute aldizkariko kazetariek.

Jakitera eman dutenez, jasotako material guztia webguneko argazki galerian zintzilikatuko dute. Irudi horietako batzuk, gainera, aldizkarian argitaratuko dituzte. “Jasotako argazki guztien artean hautaketa egingo dugu, eta horiek hurrengo hilabetekarian argitaratuko ditugu”.

Nahi duten guztiek parte hartu dezakete deialdian, eta bakoitzak nahi beste argazki bidaltzeko aukera izango du. Argazkiak, gainera, aurtengoak eta Deban edota Itziarren ateratakoak izan behar direla gogorarazi dute aldizkariko kideek. “Inauteriekin lotura duten edozein ekitalditakoak izan daitezke”, gaineratu dute. Argazkiak bidaltzen dituztenek, gainera, irudi horiek webgunean zein aldizkarian argitaratzeko baimena ematen dutela ulertuko dela adierazi dute.

Argazkiak berriketan@zuhatza.com helbide elektronikora edo 632 04 33 22 telefono zenbakira (Whatsapp bidez) bidaltzea eskatu dute. “Helarazten dizkiguzuen irudiek kalitate nahikoa izatea eskatzen dizuegu. Gogoratu, adibidez, Whatsappez bidaltzen badira, argazkiek kalitatea galtzen dutela”. Argazkiarekin batera, nahi izanez gero, egilearen izen-abizenak bidaltzeko aukera ere egongo da.

Argazkiak bidaltzeko azken eguna otsailaren 14a izango da.