Martxoaren 14tik 24ra ospatuko da aurten 23. Korrika, Harro herri lelopean. Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, eta Baionan amaitu, eta Debatik martxoaren 20an pasako da lasterketa. Horiek hala, Korrikaren bueltako lanei aurre egiteko, Korrika Batzordea osatu dute herrian eta lanean hasita daude jadanik.
Urtarrilaren 24an Kultur Elkarteko liburutegian egindako lehen batzar irekian, hogei bat lagun elkartu ziren (herriko talde edo eragileetako kideak eta norbanakoak tartean), eta bigarren bilera bihar arratsaldean egingo dute. Batzordekideek azaldu bezala, Korrika Kulturalaren egitaraua zehaztu nahian dabiltza dagoeneko eta, hortaz, herritarrek proposamenak eta ekarpenak egiteko aukera dutela gogorarazi dute.
Era berean, dagoeneko eragile eta talde ugari ari dira Deban eta Itziarren Korrikako kilometroak erosten, baina oraindik eskaera egin dezakete lekukoa eraman nahi duten erakundeek, elkarteek, enpresek edo herritarrek.
Korrika herri mailako ekimen bat izanik, herriaren parte-hartzea "ezinbesteko" ikusten dute antolatzaileek. Beraz, beste behin ere, herritarrei batzarretan parte hartzeko gonbidapena egin diete. Whatsapp talde bat ere sortu dute komunikazioa errazte aldera eta bertan zabaltzen dituzte deialdiak; interesa duen edonor batu daiteke taldera (labur.eus/debakorrikawhatsapp loturaren bitartez). Bestelako zalantza batzuk argitzeko edo ekarpenak egiteko, interesdunek zuzenean jo dezakete batzordeko kideengana, deba@korrika.eus helbidera edota 688 84 03 08 telefono zenbakira mezua bidalita.