Merkatu plazari eskainitako 'Azokatik Mahaira' saioa ikusgai

Berriketan 2024ko urt. 31a, 10:24

Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak sustatutako Azokatik Mahaira saioak Debako merkatura egin du bisita.

Gipuzkoako merkatuak ezagutzera emateaz harago, tokian tokiko produktuei eta ekoizle txikien lanari garrantzia ematea da Azokatik Mahaira saioaren helburua. Hamalaugarren atala da Deban grabatutakoa.

Oinatz Martinez Iturrioz kazetariak gidatuta, Asier Urain Lurraldetasun zinegotziarekin, estalitako pasealekuko merkatuan postuak dituzten baserritarrekin eta bezeroekin izandako hizketaldiak jasotzen ditu bideoak. Ondoren, Xabi Martinez sukaldaria ere agertzen da ikus-entzunezkoan, Deban erositako tokiko produktuak erabiliz etxean egiteko moduko errezeta bat prestatzen (antxoa beteak).