Kulturaz hitz egiten abiatu zituzten Dagigun partaidetza gunearen baitan antolatutako mahai-inguruak. Lehen saioa azaroaren 4an izan zen, Kultur Elkartean; bertan, Azpeitiko Kulturaz Kultur kooperatibako Aitor Bengoetxeak haien esperientziaren berri eman zuen, proiektuak gauzatzea posible dela erakutsiz. Kultur Elkarteko Lourdes Gonzalez eta Alex Turrillas atzera begiratu eta aurrera egiteko erronkaz aritu ziren saioan.
Hilaren 6an izan zen bigarren hitzordua, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako Karst jaialdia: harria eta herria ekimenarekin. Egun osoko programa prestatu zen, tartean hitzaldiak, harri-jasotze eta harri-zulatzaile erakustaldiak, merkatu txikia eta bi irteera gidatu eskainiz.
Azaroaren 11n, berriz, Zaintzaren hirigintza, hirigintzaren erronkak lelopean, mahaiaren bueltan aritu ziren Debako arkitekto aholkulari Saioa Zuazubiskar, Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arloaren arduradun Esther Zarrabeitia eta Donostiako Arkitektura Eskolako irakasle Ula Iruretagoiena.
Mahai-inguruen zikloa hilaren 18an amaitu da, Itziarko Burugorrin landa ekonomiaz egindako saioarekin. Hala ere, aipatutako saioen ondoren, azaroaren 27 eta 28an tailerrak egingo dira zumardian bertan. Horietako bat familia eta haurrekin egingo da.