Emakumeen zikloa izango du erdigunean M8aren inguruko programazioak

Berriketan 2022ko mar. 3a, 12:00

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, aurten ere, egitarau oparoa osatu du Berdintasun batzordeak. Askotariko gaiak lantzeko jarduerak antolatu diren arren, saiakera berezia egin da emakumeen zikloa erdigunean jarri eta zenbait eragilerekin lanketa interesgarriak proposatzeko.

Horrela, apirilerako, Gaztelekuko arduradunek lau saioko formakuntza antolatu dute DBH 4. mailako ikasleentzat, euren hilekoa ezagutzeko asmoz, Deban eta Itziarren. Ikastaroa amaitutakoan hileko-kopak eta konpresa berrerabilgarriak banatu eta azalpenak emango dituzte gaztetxoek. Kanpaina horrek bi helburu izango ditu, beraz: batetik, hilekoa eta emakumeen izaera ziklikoa agerian jartzea, eta, bestetik, produktu berrerabilgarriak ezagutarazi eta horien garrantzia bistaratzea.

18 urtetik gorako emakumezkoentzat, berriz, martxoaren 11n, 17:30ean, hilekoari buruzko tailerra izango da Ispiluen gelan. Emakumearen zikloa, zikloaren faseak, fase bakoitzaren eragin emozionala, elikaduraren garrantzia, higiene menstruala… landuko dira bertan (izen-ematea: berdintasuna@deba.eus).


Martxoaren 25ean, 19:00etan, menopausiari buruzko kafe-tertulia izango da Deba-Itziarko Talde Feministak antolatuta; hori ere Ispiluen gelan. Esperientziak, ezinegonak, ezagutzak edo ez-ezagutzak partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Hilekoaz edo menopausiaz hitz eginez, emakumeak erdigunean jartzea izango da egitarauaren helburua; “hainbeste urtean ezkutuko izan direnez lasai hitz egiteko guneak sortuz, herri mailan kontzientziazio ariketa eginez, eta naturala dena modu naturalenean tratatuz”.

Horiez gain, martxoaren 4an, 19:00etan, Bete ingoiau antzezlana eskainiko da Burugorri eraikinean; martxoaren 8an, 19:00etan, Deba-Itziarko Talde Feministak deitutako manifestazioa izango da; martxoaren 13an, 12:00etan, Debako Kontalariek Emakumearen Eguneko ipuinak kontatuko dituzte; eta, azkenik, martxoaren 20an, 18:00etan, Chhaupadi dokumentala proiektatuko da (azken biak Kultur Elkartean).

Chhaupadi Nepalen grabatu zuten. Bertan, Edurne Pasaban mendizaleak Himalayaren alderdi ezkutuetako bat azaleratu nahi izan zuen, hango emakumeak euren komunitateetatik baztertzen baitituzte hilekoa duten bitartean.