ELKARRIZKETA

Iñigo Ruiz de Gordejuela: “Bizipenek ematen digute zer sortu eta zer esana”

Berriketan 2022ko urr. 3a, 11:43

Hamabi urte bete zituen arte Deban bizi izan zen arren, Madrilen bizi da gaur-gaurkoz Iñigo Ruiz de Gordejuela. 28 urte ditu, musikari familia bateko kide da eta hamaika proiektu musikaletan murgilduta dabil aspaldian.

Pianoa lagun, denetarik egiten du: jo, konposatu, inprobisatu, irakatsi… Orain arte lau disko plazaratu ditu, eta sari ugari lortu ditu bai Euskal Herrian bai nazioartean. Uneotan, besteak beste, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan dihardu irakasle. Itziarren etxekoei bisita egiten egon den azken egonaldietako batean izan dugu berarekin Berriketan aritzeko aukera.

Oraintsu Deban, Jazzez Blai-en hartu duzu parte Malwina Masternak-ekin. Nola oroitzen duzu?

Kontzertu polita izan zen, Malwinaren disko berria estreinatu berri dugulako, eta Deban lagun artean gaudelako. Jazzez Blai oso jaialdi berezia da, ez dago halako askorik, nahiz eta oraindik gure inguruan zertxobait ezezaguna izan. Irabazi asmorik gabe, eta herriko eskaintza kulturala zabaltzeko lan izugarria egiten du Jazzez Blai-k, Gure Giro egitasmoaren barnean. Urtero proiektu berriak eta berritzaileak entzuteko aukera izatea ez da gauza makala, debar guztiak harro egoteko moduko festibala da Jazzez Blai.

Musikari familia bateko kide zara; ama eta anai-arrebak musikari… Umetan zer izan da musika zuentzat?

Goizetan, ikastolara igo baino lehen, bakoitzak ordu erditxo bat praktikatzen genuen nork bere instrumentuarekin. Eguneroko lan horrek eragiten zizkigun bai pozak eta bai negarrak. Zerbaitekiko zaletasuna diziplinarekin oso lotuta dago, zenbat eta gehiago ezagutu eta landu, orduan eta interesgarriagoa bihurtzen baita. Umetan zaila da gurasoen esfortzua garrantzitsutzat jotzea, baina gure kasuan eguneroko lan hori bizimodu bilakatu zen.

Dagoeneko hiru disko atera dituzu zeu buru zarela (Amalur, Urjauzia eta Surrogate Activities) eta, laugarrena, Move, Move Quartet taldean. Nondik datorkizu inspirazioa?

Bizipenek ematen digute zer sortu eta zer esana. Zergatik sortzen dugun jakitea edo erantzutea antropologo bati dagokio, baina denok gara sortzaileak modu batera edo bestera, behar hori baldin badugu. “Inspirazio” hitzak zerbait magikoa dirudi, baina lana eta ohitura besterik ez da. Kirolarekin analogia bat egitearren, une zehatz batean “inspiratuta” egoteko, egunerokoan lan izugarria egin behar da.

Sariak gizartearen edo erakunderen baten errekonozimendua dira, beraz, beti da pozgarria halakoren bat jasotzea"

Urjauzia-k 2018ko diskorik onenaren BBK Jazz saria jaso zuen. Beste sari ugari ere lortu dituzu bai Euskal Herrian bai nazioartean; besteak beste, 2018an publikoaren bakarlaririk onenaren saria Getxo Jazz jaialdian.

Sariak gizartearen edo erakunderen baten errekonozimendua dira, beraz, beti da pozgarria halakoren bat jasotzea. Dena den, sariek ezin dute gure bizitza artistikoa gidatu, mugatu edo horretan eraginik izan. Musikariok gure lana egin behar dugu, beti aurrera. Woddy Allenek zioen bezala, Oscar-a behin jasotzen badut, horrek esan nahi du jasotzen ez dudanean jaso ez izanaren epaia onartzen dudala.

Bostongo Berklee College of Music eskolan eta gero New England Conservatory-n, bietan ere jazz musikari erreferenteak izan dituzu irakasle edo eszenatokiko kide. Bizi esperientzia ederrak, ezta?

Hala da, urte mordo bat egin nituen han eta izugarrizko esperientzia izan zen bizitzako arlo guztietan. Beste kultura batera moldatzeak energia asko eskatzen du hasiera batean, baina baliabide handiak eman dizkit etorkizuneko erronkak prestatzeko.

Musika irakaskuntzak leku handia izan du zure ibilbidean; Bostonen, Erdialdeko Amerikan, Valentzian, Deban… eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egun. Irakaskuntza asebetetzen zaituen zerbait al da?

Gure artearekiko ikuspegia zein ezagutzak partekatzea ezinbesteko lana dela deritzot. Bestalde, errealitate gordina da ere musikariok irakasle lanak kontzertuekin bateratu behar ditugula janaria platerean jartzeko, batez ere COVID-19ak musika ikuskizunetan izan duen eraginaren ondorioz; beraz, alde batetik, bokazioa, eta, beste aldetik, behar hutsa.

Ikasgeletako ikasketa soiletik urrun, musikaren pedagogia gizarte mailako ekimen marko zabalago batean ulertzen duzu, antza.

Zalantzarik gabe. Jazz-a ez da gure inguruan jaio, ezta Europan ere. Beraz, musikarion lana da ahal dugun heinean entzuleak prestatzea eta belaunaldi berriengan argi hori piztea. Musikarioi merkatu bat izatea interesatzen zaigu, eta merkatu hori entzuleek sortzen dute. Matematika hutsa da; zenbat eta zale eta entzule gehiago, orduan eta merkatu zabalagoa. Gure produktuek ez dute itsasoa plastikoz betetzen, ezta inoren bizitza zapaltzen ere. Soinua lantzen dugu, denbora-espazio konkretu batean, eta hori entzuleekin elkarbanatzea da gure lana.

"Musikarion lana da entzuleak prestatzea eta belaunaldi berriengan argi hori piztea"

Euskal Herriko musika folklorikoan ere jantzia zara; zure sorkuntzetan ere izango du lekua, ala?

Zertxobait bai. New Orleans-eko umeek bluesa edo second-line erritmoak entzuten dituzten bezala, nik txikitan Oskorri eta Laboaren musika entzuten nuen, aitaren biniloetan. Bakoitzak bere influentziak dauzka. Dena den, ez naiz jazz azpigeneroen oso zalea, eta ez diot nire musikari “euskal jazz” etiketa jartzen. Espainia mailan, flamenco jazz edo latin jazz bezalako etiketak erabiltzeak musikarien lana asko mugatu du, kategoria konkretu batean sartu behar izateagatik.

Kolaborazioak egin ohi dituzu beste hainbat musikarirekin. Bakarka zein musikariz inguratuta, modu batera bestera bezain eroso sentitzen zara?

Bai, pianoak abantaila hori eskaintzen du. Bakarlari, lider zein side-man bezala lan egiteko aukera daukat. Proiektu pertsonal bat aurrera eramateak lan inbertsio handia eskatzen du, eta ez da beti ekonomikoki bideragarria. Beraz, denetik egiten dut, nire proiektuak, Big-Band-ak, abeslariak lagundu, konponketak egin, konposatu, irakatsi…

Emari handia duzu, pianoa lagun; aipatu duzun bezala, denetarik egiten duzu: jo, konposatu, inprobisatu, irakatsi… Eta zaren pertsonari zer ematen dio horietako arlo bakoitzak?

Musika nire instrumentutik kanpo ikusteak joko-ikuspegi zabalagoa ematen dit. Instrumentua, hitzak dioen bezala, tresna bat da. Eta edozein tresna bezala helburu baterako erabiltzen da. Nire konposizioak, inprobisazioak eta nire mundu musikala entzulearekin partekatzeko dudan tresna da pianoa.

Argazkian, Ruiz de Gordejuela pianoa jotzen. KLAUDIA CYBULSKA

Gatozen egunotara. Alberto Arteta (saxofoia), Borja Barrueta (bateria), Javier Callén (kontrabaxua) eta zuk zeuk (pianoa) osatzen duzue Move Quartet. Jo eta ke ibili zarete kontzertuz kontzertu azken hilabeteotan. Beste proiekturik baduzu esku artean?

Bai, proiektu ugaritan nabil. Orain Madril aldean biziko naiz denboraldi batez, bertako musikariekin nire proiektuak garatzeko. Alde batetik bestera ibiltzen ohituak gara musikariak; azken finean, perretxikoak ez bezala, ideia eta influentzia berriak ez daude beti leku berean. Bizitza estilo dinamiko eta desegonkorra da, baina badu horrek ere bere alde ona.

Zeurea da azken hitza, Iñigo. Ondorengo lerroak zureak dituzu.

Bukatu da uda, eta elkarrizketa gogoeta txiki batekin bukatu nahi nuke. Uda da musikarion uzta garaia, tamalez. Tamalez diot, udako festibal erraldoiek gaizki ohitu gaituztelako jazza udan bakarrik entzutera. Musika eta artea gizakion behar bat da, eta urte osoan gozatu beharreko zerbait, dosi egokietan. Analogiekin jarraituz, onartuko al luke jendeak “Donostiako Futbol Astea” edo “Gasteizko Futbolaldia”-n lau partida ikusi, eta urte osoan futbolik ez izatea?