Gaztelupeko Hotsak disketxeak nazioarteko zein Euskal Herriko blues talde garrantzitsuak ekarriko ditu beste behin ere Soraluzera, Blues Hotsak jaialdiaren barruan. Steve Krase estatubatuarrak emango dio hasiera jaialdiari, igandean, arratsaldeko 19:00etan, Travellin’ Brothers euskal blues taldea lagun hartuta Herriko Antzokian eskainiko duen kontzertuarekin.
Gainerako hiru kontzertuak azaroaren hirugarren astean eskainiko dituzte. Azaroaren 18an (ostirala), Itziar Yagüe & Paul San Martin arituko dira; azaroaren 19an (larunbata) Niko Etxart & Hapa-Hapa (iaz bertan behera gelditu zen kontzertua); eta azaroaren 20an, Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestra.
Kontzertu nagusi horiez gain, beste ekimen osagarri batzuk ere izango dira. Batetik, azaroaren 17an, kultura beltzaren inguruko The Black Woodstock edo Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) dokumentala proiektatuko dute eta, bestetik, azaroaren 20an Soraluzeko Musika Eskolako konboek kontzertua eskainiko dute.
Sarrerak salgai. Dagoeneko lehen kontzerturako sarrerak salgai daude Soraluzeko Iratxo gozo-dendan eta gainerako kontzertuetarakoak ere datozen egunetan jarriko dituzte salgai leku berean.