Urtarrilaren 26an ospatu zuten Basquetourrek antolatutako Euskadiko VI. Ekoturismo Foroa. Ekoturismoko hainbat adituk, erakundek, elkartek eta enpresek parte hartu zuten Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin zuten foroan, eta bertan egon ziren Euskal Kostaldeko Geoparkeko hainbat ordezkari eta entitate kolaboratzaile ere.
Foroaren baitan, azken bi urteetan Espainiako Ekoturismo Klubera batu diren 52 euskal enpresari diplomak banatu zizkieten. Geoparkeko iturriek zehaztu dutenez, Geoparkeko sei entitate kolaboratzaile bertan egon ziren diploma jasotzen. Honakoak: Arriola Txiki landetxeko Lourdes Albizu (argazkian, ezkerretik, laugarrena), Endañeta Berri landetxeko Arantza Eizagirre, Begi Bistan enpresako Jon Arratibel, Hotel Talasoterapia Zelaiko Ramon Sese, Surfing Zumaia surf eskolako Imanol Yeregi eta Basque Destination agentziako Lorea Uranga.
Leire Barriuso Georpakeko koordinatzaileak ere parte hartu zuen foroan. Mahai inguru batean parte hartu zuen, eta horretan, 2022ko Turismo Helmugen Jasangarritasunerako Planak jasotzen dituen proiektuei buruz aritu zen berbetan.