Ostiral (otsailak 17) arratsaldean hasi ziren inauteriak ospatzen Deban eta Itziarren. Barruan giro! neguko kultur programaren barruan, esaterako, inauteriekin lotutako hainbat ekintza egin zituzten Itziarren. Zabalsoro frontoian ederto askaldu eta buruhandiekin jolasean ibili ondoren, mozorro show-arekin amaitu zituzten eguneko proposamenak. Deban, berriz, Musika Banda Gaztea kalejiran atera zen eta, Kolore Anitzen eskutik, euskal inauteriekin lotutako txokoa eta pista jolasa egin zituzten.
Larunbatean (otsailak 17) ere mila koloretako mozorroak soinean zituzten adin guztietako herritarrez bete ziren Debako kaleak. Eguzkia lagun, jai giro bikaina izan zen nagusi goizean goizetik. Kaleetan zebiltzan herritarrek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera eduki zuten, baina horietan jendetsuena Agirre jauregiko plazatik hasita egin zen mozorro desfilea izan zen. Debako Musika Bandak alaituta, jendez lepo beteta zegoen Foruen Plazarako bidea egin zuten bertan parte hartu zuten kuadrillek, familiek, helduek, gazteek eta umeek.
[Ikusi ZUZENEAN argazki galeria]
Umore ona eta alaitasuna izan ziren nagusi ibilbide osoan zehar, eta guztien artean, distira berezia eman zieten inauteriei. Herritarrek ondo landu zituzten mozorroak, eta horiek aukeratzeko erabilitako irudimenak irribarre asko sorrarazi zituen kalean zebiltzanen artean. Kalejira amaitu ondoren, Foruen Plaza erdian ipinita zegoen agertokira banan-banan igo behar izan zuten lehiaketan parte hartu zuten talde, bikote eta bakarlariek, herritarrei beren mozorroak erakustera.
Pailazoak, super heroiak, piratak, herri kirolariak, zirkuko langileak, filmetako eta marrazki bizidunetako pertsonaia ezagunak, rockeroak, hippie-ak… moduko mozorro klasikoen aldeko apustua egin zuten batzuek, baina beste batzuek gogotik pentsatu eta landu zituzten mozorro bitxi eta originalagoak ere. Batzuk Greenpeace-ko ontzi eta guzti atera ziren, beste batzuek Agatha Ruiz de la Pradaren desfile bat irudikatu zuten eta edabe magikoarekin batera Asterix eta Obelix modura mozorrotu zenik ere izan zen. Kristoren gurutziltzaketa ere irudikatu zuten beste batzuek eta Nor da nor joko ezaguna gorpuztu zuen kuadrillarik ere izan zen.
[Ikusi ZUZENEAN argazki galeria]
Arratsalde-iluntze partean hitzordu gehiago ere izan zen. Horietan bereziena mozorro desfileko irabazleen sari banaketa izan zen. Aurten, herritarrek ebatzi dute zeintzuk izan diren kategoria bakoitzeko onenak. Taldekako modalitatean parte hartu zuten hemeretzi taldeetan onena Nor da nor (300 euroko bonua) izan zen. Bigarren postuan, berriz, Jesus eta bere lagunak (150 euroko bonua) taldea geratu zen. Banakako edo binakako modalitatean parte hartu zuten lau parte hartzaileen artean, berriz, Goku bikotea (100 euroko bonua) izan zen onena eta Beverly sailkatu zen bigarren (50 euroko bonua).
Asteartean (otsailak 21) jarraituko du festak Deban. Festarako gogoz jarraitzen duten herritarrek Gaztelekuaren eskutik egingo den Mozorro Show-a ikusteko aukera izango du Aldats pilotalekuan. 17:00etan hasiko da irudimenez betetako emanaldia.