Frantziako Tourrak eragin nabarmena izango du Euskal Herria osoan, baita Deban eta Itziarren ere. Mutriku aldetik, 14:40ak inguruan heltzea aurreikusten da pelotoia Debara eta bost bat minutu beranduago, Itziar gainera; horren ondorioz, N-634 errepideko zirkulazioa erabat itxita egongo da ordu batzuez. Hortaz, ordu tarte horretan ezingo da autoz udalerrira sartu, ezta atera ere. Lasterketaren antolakuntzak ezarritako jarraibideak betez, N-634 errepidea 11:20ean itxiko dute Deban, eta 11:35ean Itziarren.
Adierazi dute “kasu zehatzetarako edo larrialdietarako” beste errepide batzuk erabiltzeko aukera egongo dela. “Debatik Itziarrera, eta, ondoren, Itziartik Lasturrera GI-3210 eta GI-3292 errepideetatik jarraitzeko aukera izango da, eta, handik, Sasiolako zubirantz; han, N-634 errepidearekin lotu ahal izango da, Mendaro eta Elgoibarrerako norabidean”. Bide hori ibilgailu arinek bakarrik erabiltzea gomendatu dute, zirkulazio arazoak eta auto ilarak saihesteko.
Ezustekorik ez izateko, egun horretako joan-etorriak aurrez planifikatzeko gomendioa egin dute Debako Udaletik. Informazio gehiago behar izanez gero, Debako Udaltzaingora (943 60 80 40- 689 12 58 89) deitu dezakete herritarrek.
Lasterketak bestelako kontuetan ere eragina izango du. N-634 errepidea ixteak, besteak beste, aldaketak eragingo ditu hondartzara sartzeko pasabideetan, osasun zentroko laguntza zerbitzuetan, bidaiarien garraioan, hiriguneko sarbideetan eta eremu jakin batzuetan, aparkalekuetan eta hondakinen edukiontzien kokapenean.
Osasun zentroa eta hondartza. 11:20etik aurrera, hondartzara sartzeko bidegurutzea itxita egongo da. Osasun zentroak ere ez du hitzordurik emango. “Laguntza zerbitzuen aldaketak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko dira”. Hala ere, 11:00etatik aurrera, unitate mugikor bat jarriko dute hirigunean, “unean uneko egoerei erantzuteko”. Larrialdiko beste edozein laguntza arreta, berriz, 112 telefonoaren bidez jakinarazi beharko da.
Garraio publikoa. Joan-etorriak egiteko aukera bakarra trena erabiltzea izango da, baina, hala ere, Euskotrenen eta Lurraldebusen webguneetan egon daitezkeen aldaketak kontsultatzeko gomendioa egin dute. “Autobus geltokietan dauden informazio iragarkietan ere jakinaraziko dituzte aldaketak”.
Herri barruan aldaketak, Deban. Lersundi kaletik herrigunerako sarbidea 10:30ean itxiko dute. Osio kalera sartzea eta irtetea errazteko, bestalde, barne pasabidea irekiko dute Astilero kaletik, 10:30etik 18:00etara bitartean. Txirrindularien eta lasterketa osatzen duten gainontzeko kideen segurtasuna bermatzeko, errepideko elementu guztiak kendu beharko dira. Horrenbestez, Hondartza kalean ezingo da ibilgailurik aparkatu uztailaren 2tik harik eta uztailaren 3an lasterketak herria zeharkatu arte.
Edukiontziak. Segurtasun kontuengatik, txirrindulariek egin beharreko ibilbidean dauden edukiontzi guztiak kentzeko eskatu du antolakuntzak. Hortaz, N-634 errepidean dauden edukiontziak zigilatu eta itxi edota lekuz aldatuko dira. Tren geltokian daudenak, adibidez, Lersundi kaleko sarrerara eramango dituzte. “Mankomunitateak ekainaren 26ko astean jakinaraziko dituen aldaketei adi egon beharko dute herritarrek”.
Boluntario beharra. Lasterketaren antolatzaileek jakitera eman duenez, boluntarioak behar dituzte lasterketa Deba eta Itziartik igarotzen denerako. Jakitera eman dutenez, udalerriko 46 bidegurutzetan eta tokitan eman beharko da arreta eta, horretarako, 92 boluntario beharko dituztela aurreikusi dute. Parte hartzeko interesa dutenek tourlagunak@euskadi.eus posta elektronikora idatzita izena eman dezakete. “Informazio edo xehetasun gehiago behar dutenek, berriz, 625 70 99 94 edo 944 20 53 09 telefono zenbakietara deitu dezakete”.