Idatzi honen bitartez, Itziarko Auzo Udalak alegazioak aurkezteko deia egin die herritarrei; uztailaren 24an amaituko da epea. Hemen klikatuta eskura daiteke alegazioa eta norberak sinatu eta herriko taldeari emateko aukera izango du.
Herritar arruntoi administrazioaren eta legeen hizkuntzak arrotz egiten zaizkigu; galdu egiten gara kontzeptu, sigla eta araudi administratiboen epe eta hierarkietan. Naufragoak gara horien ozeanoan. Beti dago une bat, ordea, non pasatzen zaren naufragoa izatetik itoa izatera.
Herri-buelta osoa plaka fotovoltaikoz edo aerosorgailuz inguratzeko arriskua dagoela enteratzen zarenean. Edo ganadua larratzeko erabiltzen dituzun herri-lurrak plakaz estaliko dituztela esaten dizutenean. Edo maite duzun mendi hartan, bizitza markatu dizun mendian –lagunekin pasatako lehen gaua, amaren errautsak zabaldu zenituzten eguna, txikia bizkarrean tontorra zapaldu zenuen goiza…–, aerosorgailuetara heltzeko, gutxienez bost metro zabal dituzten errepideak ireki behar dituztela jabetzen zaren unean.
Beste mamu are handiago bat
Askori halaxe gertatu zaigu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) argitaratu denean. Bertan proposatzen dira EAE osoan zentral eoliko eta fotovoltaikoak instalatzeko guneak, 30 megawatt baino handiagoei dagozkienak. Horrek ez du esan nahi aurreikusten diren zentral ez hain handiak baztertzen direnik, inondik ere. EAEko hainbat txokotan 30 megawatt baino gutxiagoko proiektuen mehatxupean ginenok orain beste mamu bat dugu, are handiagoa.
Lehendik mobilizatuta zeuden eskualdeei berriak batu zaizkie, eta hango eta hemengo herritarrok EEBB LPSari alegazioak aurkezteko zoramenean murgildu gara. Jada baditugu alegazioetarako dokumentu bat baino gehiago. Irekita dago alegazioak aurkezteko epea, eta uztailaren 24an bukatu egingo da. Gure helburua argia da: Lurralde Plan sektorial hau ez dadila onar.
Lurraldearen industrializazioa
Hona ekarri gaituzten arrazoiak askotarikoak dira.
Ezer baino lehen, ezinbestekoa egiten zaigu aipatzea denontzat nabarmena den gure lurraldearen industrializazio- eta urbanizazio-maila, ahaztu gabe maila horretara heltzeko nonahi egin diren lur-mugimenduak eta bete-lanak. Eusko Jaurlaritzaren txostenetan ere aitortzen dute Plana gauzatzeak ekarriko duela lurzoru natural edota landatarreko azalera handien okupazioa, eta horrek ondorio negatiboak izango dituela.
Egun, landazabaleko nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen diren ehunka hektarea estaliko dira plaka fotovoltaikoz; eta horiei gehitu behar dizkiegu zentral eolikoak eraikitzeko porlanez estaliko diren eremuak, sarbideak egiteko. Gure iritziz, EEBB LPSan proposatzen diren azpiegiturak –eta horretan azaltzen ez direnak– bateraezinak dira elikadura subiranotasunaren helburuarekin. Ez bakarrik janaria sortzeko lurrak galduko direlako; baizik eta zentral eoliko eta fotovoltaiko horiek instalatzen diren eskualdeetan inor asko geldituko ez delako, ez elikagaiak sortzeko, ez paisaiak mantentzeko. Halaxe gertatu da beste lurraldeetan, eta hainbat unibertsitatetan egindako ikerketek berresten dute joera hori: aurreikusten diren tamaina horietako zentralen instalazioak despopulazioa dakar. Landa-eremuan dagoen zerbitzu publikoen gabeziak zailtzen du bertan bizitzea; politika publikoak diseinatu eta txertatzen dituztenek halaxe erabaki dutelako. Egun, EAEn kontsumitzen diren elikagaien %4 baino ez da bertakoa; eta hori ere ez da ausazkoa, baizik eta nekazaritza eta elikadura politikak horretara bideratu direlako.
Ezinezkoa da natura babesteko, eta ekologiaren izenean, natura bera suntsitzea. Hemen eta han. Hemen, azpiegitura horien instalazio-lanetan eta martxan jartzen dituztenean; han, tresna horiek guztiak osatzeko behar diren mineral eta abarren ustiaketan.
Azken 150 urteotan planetaren populazioa 5,5 aldiz biderkatu da; eta energiaren ekoizpena 50 aldiz. Halere, munduan 800 milioi pertsonak ez dute argindarrik, eta 2.000 milioi inguruk biomasa erabiltzen dute sukaldean, osasunerako kaltegarriak diren baldintzetan. Horiek gertatzen dira ez kadentzia natural baten ondorioz, baizik eta sistema energetikoa, elikadura-sistema bezala, pentsatuta dagoelako negozioak egiteko eta ez pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Hemen eta han.
Bukatzeko, idatzi honen hasieran azaldutako itolarriari, gure haserrea eta egonezina gehitu behar dizkiogu, Eusko Jaurlaritzak jarraitutako prozedura dela eta. Izan ere, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari alegazioak aurkezteko epeak bat egin du maiatzaren 28ko hauteskundeekin, eta plan horren eraginpean geratzen diren udalerriek aukera gutxiago izango dute alegazioak prestatzeko, udalbatzen desegite eta osaketa prozesuan bete-betean harrapatu dituelako.
Goian azaltzen diren taldeetan parte hartzen dugun herritarrok laguntza eta babesa eskatu nahi dizkizugu, irakurle, gu bezalako herritar arrunta zaren heinean; berdin Gipuzkoakoa, Bizkaikoa ala Arabakoa izan. Alegazioen dokumentuak hemen deskargatu ditzakezu, eta zure inguruan banatu. Dena behar bezala joan dadin, sinatutako alegazioak uztailaren 19rako nahiko genituzke Gipuzkoako Mendiak Asken helbide elektronikoan (gma@ni.eus). Mila esker!