Batzar Nagusiak hautatuta, Martin Aramendi (Ataun, 1970) izango da aurrerantzean UEMAren lehendakari berria, Iraitz Lazkanok utzitako lekukoa hartuta. Aramendirekin batera, hurrengo lau urteotan UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten beste ordezkariak ere hautatu dituzte batzarkideek, azken hauteskundeetako emaitzen arabera alderdiei dagokien ordezkaritza eta lurraldetasuna kontuan hartuta. Alderdiek adostasunez aurkeztu dute zerrenda, eta aho batez onartu du Batzar Nagusiak.
Aramendirekin eta Urbietarekin batera, ondoko hauek osatuko dute UEMAren zuzendaritza batzordea: Dabid Anaut (Leitzako alkatea), Eneko Fernandez (Lesakako zinegotzia), Ainara Ipiñazar (Igorreko zinegotzia), Iratxe Lasa (Markina-Xemeingo alkatea), Aitor Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia), Asier Mingo (Hernaniko zinegotzia), Idoia Odriozola (Etxebarriako zinegotzia), Irati Urberuaga (Aulestiko alkatea) eta Larraitz Alkorta (Asteasuko zinegotzia).
Gaur egun 101 udalerri dira UEMAko kide, tartean dago Deba ere, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera. Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Martin Aramendik eskerrak eman zizkien batzarkideei, jasotako konfiantzagatik, baita orain arteko lehendakari Iraitz Lazkanori eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere.
Lau urte, hamaika erronka
UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan zituen Aramendik ekitaldian: “Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko“.
Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, “ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko”. Aramendik nabarmendu zuenez, horrek egitasmo berritzaileak ekarri ditu azken urteotan UEMAra, euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko hain beharrezkoa eta arrakastatsua izaten ari den egitasmo arrakastatsua bezalakoak, eta horrelako egitasmoak lantzea eta herrietan errotzea izango da hurrengo urteotan euskararentzat herritar berriak eta esparru berriak irabazteko giltzarrietako bat.