Aurreko urteetan oso harrena ona izan duela ikusita, aurten ere amagandiko edoskitzea ardatz duen argazki lehiaketa antolatu du Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuak. Zabalik dago “amagandik edoskitzeari etengabeko laguntza” emateko helburuarekin zortzigarrenez antolatutako sariketan parte hartzeko epea eta, jakinarazi dutenez, azaroaren 20a da lanak aurkezteko azken eguna. Parte hartzeko interesa dutenek posta elektronikoz (bpso.osidebabarrena@osakidetza.eus) bidali beharko dituzte irudiak, eta horiekin batera izen-emate agiria eta irudiaren erabiltze baimena sinatuta erantsi beharko dira.
Antolatzaileek parte hartzeko xehetasunen eta baldintzen berri ere eman dute. Iragarri dutenez, edonork parte har dezake lehiaketan eta bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera izango du. Koloretan zein zuri-beltzean aurkez daitezke lanak, baina gogorarazi dute horiek originalak eta berriak izan behar dutela nahitaez. “Argazkiak aurretik argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan aurkeztu gabeak ere izan beharko dira”.
Lehiaketatik kanpoko ESIko langileek osatuko dute epaimahaia eta abenduan jakinaraziko dute zein den sariduna, Mendaroko Ospitalean egin ohi duten Errekonozimendu Ekitaldian. Aurkeztutako argazkiak, bestalde, Mendaroko Ospitalean eta Debabarreneko ESIko osasun-zentroetan egongo dira ikusgai, baita kultur etxeetan, haurtzaindegietan eta horretarako prestatutako bestelako guneetan ere, eta horietan sartzea librea izango da.
Lehiaketaren oinarriak eta bestelako informazioa HEMEN eskuragarri.