ELKARRIZKETA

Patxi Aizpitarte: “Deba, Itziar, Lastur eta Elorriagako eliz eta herri giroan bizitako esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat”

Berriketan 2023ko urr. 11a, 11:40

Hamabi urteren ostean, Debako eta Itziarko parroko izateari laga dio Patxi Aizpitartek (Beizama, 1955). Orain, ordea, aro berri bat hastea dagokio Donostiako Ignazio Loiolakoaren parrokian. Jarduna, gainera, Gipuzkoako Caritaseko gotzain ordezkari karguarekin uztartuko du aurrerantzean.

Beizamarrak irailaren hasieran eman zituen azken mezak inguruotan eta dagoeneko jardunean hasita dago lekukoa hartu dion Xabier Andonegi apaiza ere. Deba eta Itziar atzean utzi aurretik, baina, herrian eta herritarrengan arrastoa utzi duen Aizpitarterekin elkartu da Berriketan. Giroz aldatzeko unea iritsi bazaio ere, “oso maitatua” sentitu dela nabarmendu du.

Mikel Egañaren eta Juan Jose Manzisidorren lekukoa hartuta, 2011ko urrian hartu zenuen Debako eta Itziarko parrokien ardura. Zer nolako esperientzia izan duzu paraje hauetan?
Hamabi urte pasa dira etorri nintzenetik; Erroman urte eta erdi egin ondoren nentorren. Egia esan, ia ez nuen Gipuzkoako txoko hau ezagutzen; beraz, parrokietako eta herriko jendea poliki-poliki eta pazientziaz ezagutzen hasi beharra izan nuen. Hasieratik onartua sentitu nintzen eta zinez eskertzen diet lehen etapa horretan nigana hurbildu eta herrian kokatzen lagundu nindutenei. Horien artean garrantzitsua izan zen Alex Turrillasen hurbiltasuna eta adiskidetasuna. Deba, Itziar, Lastur eta Elorriagako eliz eta herri giroan bizitako esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat, bai giza alderditik begiratuta, bai fede ikuspegitik. Etorri nintzenean, ez nuen imajinatu ere egiten hain zorioneko izango nintzenik paraje hauetan.

Zer irakatsi dizu hemengo egonaldiak?
Deba eta Itziarko herri giroa oso bizia dela esango nuke. Garbi agertzen da hori ikasketa eta lan esperientzia mailan, kirol arloan, musika esparruan, hainbat kultur ekimenetan, festa eta ospakizunetan. Bizitza eskertzen, maitatzen, ugaritzen ikas daiteke hemen. Urteotan, gainera, on handia egin dit Caritasen bidez hainbat etorkinekin harremana izateak. Jende sufrituaren ondoan beti ikasten da. Frantzisko aita santuak behin baino gehiagotan goraipatu du Amets Arzalluzek Miñan etorkin afrikarrari eskainitako liburuxka. Egia esan, Miñan gaztearen antzeko historiak errepikatzen dira ezagutu ditudan etorkin afrikar gehienetan.

Eta, alderantziz, zu zeu zer saiatu zara irakasten bertako herritarrei?
Garai bateko apaizak maisu eta irakasle izateko misioarekin sentitu zitezkeen, baina, nire kasuan, nahiago izan dut herrian eta parrokian integratu eta jendearekin bizitza eta fedea partekatzea. Azken finean, denok bizi gara herri berean eta zerbitzu jarreraz bizitzea dagokio apaizari, beren fede edo sentimendu erlijioso, jatorri, kultura edo ideologiagatik bereizketarik egin gabe eta pertsonak baztertu gabe.

Garbi dago zaila egiten zaigula fede proposamena helaraztea eta eliztar sena gaztetxoei eta gazteei transmititzea

Deba eta Itziarko bidea amaituta, osasuntsu lagatzen al dituzu bertoko parrokiak?
Duela gutxi gauzatu du Frantzisko aita santuak Mongoliara azken bidaia apostolikoa. Pentsa, nazio horretan 1.500 katoliko bataiatu besterik ez dira, baina, halere, 8.000 kilometro pasa egin eta haiekin elkartu nahi izan du, bere presentziaren bidez hango kristau elkarte xumea hauspotzeko eta animatzeko. Egia esan, multzo handiek eta zenbakiek ez dute azken hitzik ebanjelikoki eta, alde horretatik, oso gustura elkartu naiz Elorriagako eta Lasturko kristau elkarte txikiekin. Itziarko parrokia, aldiz, handiagoa da eta zerbitzu baliotsua eskaintzen du. Korua ardatz dela, parrokia Auzo Udalera irekita mantentzen da. Santutegi moduan, gainera, inguruko herrietatik hurbildutakoei harrera egiten die, eta fedea ospatzen lagundu. Jende eta talde antolaketari dagokionean, berriz, Debakoa da parrokiarik aberatsena: besteak beste, eliz garbitzaileen taldea, sozio-karitatezko, katekesiko, kooperazioko, liturgiako eta ekonomiako taldeak, abesbatza eta bi parrokietako batzordeak ditu.

Pozik al zaude emaitzarekin?
Hobe da botila erdi beteta ikustea erdi hutsik baino, eta guztion artean eraikitzen joan garena baloratzea. Dena dela, garbi dago zaila egiten zaigula fede proposamena helaraztea eta eliztar sena gaztetxoei eta gazteei transmititzea. Haurtzaroko katekesia lehen jaunartzeraino iristen da, baina gerokoan oztopoak sortzen dira kristau sarbideari jarraipena emateko edota gazteen pastoraltza bat gauzatzeko. Horregatik, erronka bat da belaunaldi berrien bidez erreleboa lortzea.

Nolako harremana izan duzu inguruotako eliztarrekin eta, oro har, herritarrekin?
Oso harreman naturala eta hurbilekoa daukat. Bai baserrietara joan naizenean, bai kalean jendearekin topo egitean edo bileretan elkartzean, harreman atsegin eta konfiantzazkoak bizi izan ditut. Egia esan, Deban zein Itziarren etxeko sentitu naiz.

“Nahiz eta apaiz lanetan 27 urte eraman eta hainbat hildako agurtu, esperientzia berri bat suertatzen zait heriotza bakoitza”

Momentu bereziak ere biziko zenituen…
Azken hilabeteotan hunkigarriak izan dira Txaro Garateren eta Joxean Larrañaga apaizaren hileta elizkizunak. Ama Birjina Egunaren bezperako meza jendetsua eta San Roke Eguneko prozesio ibilaldia ermitara ere oso une pozgarri eta bereziak izan ohi dira. Eta ezin ditut aipatu gabe utzi Deban zein Itziarren ospatutako despedidako mezak eta eskainitako agurrak.

Herritar askoren makulu izan zara urteotan. Une gogorrak ere biziko zenituen tartean, ezta?
Nahiz eta apaiz lanetan 27 urte eraman eta hainbat hildako agurtu, esperientzia berri bat suertatzen zait heriotza bakoitza. Batez ere zendu dena, gaztea izanik edo sasoiko egonda, ustekabean hil bada. Tanatoriora joatea, familiarekin egotea, hileta ospatzea eta ahal den neurrian lagun egitea… zerbait delikatua da beti. Duela urte batzuk, Donostiatik Itziarrera egin ohi dugun gau ibilaldian parte hartu eta parrokian lehen jaunartzeak ospatzera nindoala senideek aita hil zela jakinarazi zidaten. Aitaren galera barnean eta isilpean sentituz ospatu nituen Debako jaunartzeak eta Itziarko meza, ondoren familiarengana abiatuz; une ahaztezinak bihurtzen dira horrelakoak.

Donostiara joan aurretik agur berezi bat baino gehiago egin dizute eliztarrek zein herritarrek. Une bereziak edo hunkigarriak izan zirela aipatu duzu…
Bretainia aldean egon nintzen oporraldi motz batean, eta bueltan ez nuen imajinatu ere egiten halako tamainako agurra eta omenaldia eskainiko zidatenik. Itzela izan zen Debako parrokian eta Plaza Zaharrean bizitakoa. Elizkizunean hainbat jende ikustea, bukaeran hurbildu zen ume taldea agurtzea, egindako opariak jasotzea, Alazne Txurruka alkatearen eta Xabier Zalduegiren hitzak entzutea, Ixabel Jauregi azkoitiarrak egindako bertso esanguratsuak eliztarrekin batera abestea, Kalez Kale txistulari taldekoen doinuak entzutea eta Gure Kaiko dantzarien saioaren testigu izatea, bandaren eta Aitzuri koruaren emanaldi ederraz gozatu ahal izatea… eta, azkenik, Manolo Pascual zuzendari zela Ozio Bideko danborrada jotzen ikustea… hunkigarria egin zitzaidan benetan! Berehala ohartu nintzen han ez zeudela eliztarrak bakarrik, eta ekitaldian herriko jende oso ezberdina bildu zela ikusteak asko poztu ninduen. Egia esan, lotsatuta ere sentitu nintzen, nire barnean esanez: “Baina, zer egin dut bada nik hau guztia merezi ahal izateko?”. Biharamunean, berriz, Familien Meza ospatu genuen Itziarren, bertso, opari, zorion agur eta ondorengo hamaiketakoarekin. Itziarkoa ere elizkizun eta omenaldi jendetsua eta giro onean ospatutakoa izan zen. Eta nik berriro esaten nion neure buruari: “Hau dena zergatik?”. Hori guztia gehiegizkoa iruditzen zitzaidan.

Asko zor diot herri honi, beraz, eskerrik asko guztiagatik

Orain, ordea, beste etapa berri bat hastea dagokizu.
Fernando Prado Donostiako gotzain berriak Gipuzkoako Caritaseko gotzain ordezkari berri bezala jarduteko aukera eskaini zidan duela hilabete batzuk. Horrekin batera, Donostiako parrokia baten ardura hartu beharko nuela ere gaineratu zidan eta, Groseko Ignazio Loiolakoaren parrokiako erretorea bikario nagusi izendatua izan denez, parrokia horren ardura ere eman zidan segidan. Beraz, alde batetik, Gipuzkoako Caritaseko gotzain ordezkaria izango naiz, sozio-karitate eta misioetako arloan, eta, bestetik, Groseko Ignazio Loiolako parrokiako erretorea.

Hemen Xabier Andonegik ordezkatuko zaitu karguan. Parrokiak esku onetan uzten dituzula esango al zenuke?
Dudarik gabe. Aspalditik ezagutzen dut Xabier. Nire adin antzekoa du –urtebete zaharragoa da–, mutrikuarra jatorriz eta harremanetarako atsegina. Bestalde, apaiz jantzia ere bada; hainbat urtez Pio XII.a Erlijio Zientzietarako ikastegiaren zuzendaria izan da. Horrez gain, eskarmentu handiko apaiza da, izan ere, parrokia askotan gauzatu du bere apaiz zerbitzua. Azken urteotan, Donostiako Alde Zaharrean dagoen San Bizente parrokiako erretore izan da eta, aldi berean, Caritaseko gotzain ordezkari eta sozio-karitatezko alorraren eta misioetako bikario arduraduna ere. Mutrikuarra izanik, senideengandik eta familiarengandik hurbil izango da.

Zeurea da hitza, Patxi. Agurtzeko orduan zer mezu helarazi nahiko zenieke herritarrei?
Ziur izan, Donostian bizi arren, ez dudala ahaztuko Deban, Itziarren, Lasturren eta Elorriagan bizitakoa. Nirekin daramazkit hainbat oroitzapen, aurpegi eta harreman baliotsu. Asko zor diot herri honi, beraz, eskerrik asko guztiagatik. Barkatu uneren batean norbait mindu baldin badut, eta plazer bat izan da zuen artean bizitzea eta apaiz izatea. Etorriko naiz noizbehinka eta, Gros aldera joaten bazarete, jo beldurrik gabe parrokiako txirrina.