Bio-hondakinen birziklapenean beheranzko joera bat identifikatu ondoren, 2023 urtarrilean bio-hondakinak birziklatzeko ohiturei buruzko jarraipena egitea erabaki zuen Debabarreneko Mankomunitateak. Eskualde osoan egin dute jarraipena, eta hainbat baliabide bideratu dituzte horretarako. Azken hiru hilabeteetako datuek, ordea, “alarma guztiak” piztu dituztela azpimarratu dute erakundeko iturriek.
Bereizita birzikla daitezkeen hondakinen kopurua nabarmen jaisten ari dela ondorioztatu dute, baina jaitsiera hori, bereziki, bio-hondakinetan nabari dela esan dute. “2023ko abuztuko TAM indizearen arabera (indize horretan islatzen dira azken 12 hilabeteetako datuak), duela urtebete baino behar bezala sailkatutako 735 tona hondakin gutxiago biltzen dira gaur egun. Beherakada horretatik 323 tona, bio-hondakinak dira”.
Kopurua ez ezik, bio-hondakinen kalitatea ere jaisten ari dela ohartarazi dute. “Astero ehunka poltsa desegoki ateratzen dira edukiontzi marroietatik, behar ez bezala birziklatuta daudelako”. Eta jaitsiera horren arrazoiak bat baino gehiago izan daitezkeela uste du erakundeak. “Mankomunitatea prest dago eskualdeko udalekin batera egoera hori konpontzeko”.
Egoera “larria” denez, Mankomunitateak hainbat neurri hartuko ditu. Besteak beste, hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko dute laster, “hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko”
Are gehiago, birziklapen datu negatiboek ingurumenean eragina izateaz gain, “kalte ekonomiko handia” dakartela ere nabarmendu dute. “Errefusaren edukiontzian uzten dugun bio-hondakin tona bakoitzeko 46 euro galtzen dira, eta behar ez bezala utzitako hondakinak ontziak badira, galera hori tona bakoitzeko 200 eurotik gorakoa izan daiteke. Ondorioa argia da: zabor tasak handitu egingo dira gure hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzeko gai ez bagara. 2022an hondakin bakoitza bere edukiontzietan utzi izan balitz, milioi bat euro baino gehiago aurreztuko lirateke eskualde mailan”.
Egoera iraultzeko neurriak. Egoera “larria” denez, Mankomunitateak hainbat neurri hartuko ditu egoera hori konpontzeko. “Lehenik eta behin, bio-hondakinen edukiontziak ixteko kontratazio-prozesuari ekingo zaio. Horren bidez, edukiontzietan hondakin desegokiak agertzea saihestu nahi da. Bestalde, hondakinak bereizten ez dituzten erabiltzaileen tasa zergapetzeko sistemara itzultzea aztertzen ari dira. Era berean, Mankomunitateak hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko du laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko”.
Bestalde, eskualdeko fruta dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan bio-hondakinak eta ontziak biltzeko zerbitzu berri bat ezartzeko aukera ere aztertzen ari da erakundea. Horrekin batera, Deba, Mendaro eta Mutrikuko industrialdeetan hondakin biodegradagarriak biltzeko zerbitzu berri bat jartzea ere aztertuko dute. “Neurri guztiek helburu bakarra dute: eskualdean gaika bildutako bio-hondakinen kantitatea eta kalitatea handitzea. Mankomunitateak herritarrei parte hartzeko eta inplikatzeko eskatu die, gaiak eskualdeko biztanle guztiei eragiten baitie”.