Aurkeztu dute Blues Hotsak jaialdiaren V. edizioaren egitaraua eta aurten ere, azaroan zehar, musika beltzaren inguruko kontzertuz eta ekitaldiz beteko da Soraluze. Ubane Uzin Errabal kultur elkarteko kidearen esanetan, aurtengo edizioan ere egitarau “erakargarri eta orekatua” osatzea lortu dute, “nazioarteko proiekzioa duten artisten emanaldiak eta hurbilagokoak uztartuz”. Bereziki, nabarmendu du Depedro musikariaren presentzia: “Mirari txiki bat da nazioarteko maila duen musikaria gure herrira ekarri ahal izatea, baina lortu dugu, horren ezagun egin aurretik berarekin izan genuen erlazioari esker”.
Maila handiko musikariak
Aurtengo edizioa bihar bertan abiatuko da Belar Hostoak euskarazko emanaldiarekin. Bertan, Txomin Artola euskal kantari “historikoaren” kantuak berrinterpretatuko dituzte “gaur egungo musikari trebeek”; tartean dira Urbil Artola (semea) eta Jon Gurrutxaga elgoibartarra. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Soraluzeko Antzokian.
Gainerako kontzertu eta ekitaldiak azaroaren azken astean egingo dituzte. Azaroaren 22an, Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak Rory Gallagher gitarrista irlandarrari buruzko liburua aurkeztuko du eta 23an, Amy Winehouse-i buruzko filma proiektatuko dute. Osteko egunetan etorriko dira jaialdiko kontzertu nagusiak: 24an, Depedro; 25ean, Gisele Jackson & The Shu Shu’s organ trio; eta, 26an, Amythology. Amy Winehouse-i, maitasunez (tributoa).
Nobedade gisa, aurten, antolatzaileek haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ordainpeko kontzertuetan eta, hala, kontzertuak irauten duen bitartean, umeek Soraluzeko Ludotekan (antzokiaren ondoan dago) jolasteko aukera izango dute Kukumixo aisialdi taldeko hezitzaileen zaintzapean.
Jaialdiari buruzko informazioa eta egitarauaren nondik norakoak www.blueshotsak.eus webgunean bildu daitezke.
Sarrerak salgai eta zozketa
Sarrerak Soraluzeko Iratxo dendan eros daitezke, 10 euroan. Bestalde, Zuhatza Euskara Elkarteak kontzertu bakoitzerako bi sarrera zozkatuko ditu bazkideen artean.