Gabonak girotzeko hamaika ekintza prestatu dituzte

Berriketan 2023ko abe. 20a, 12:21

Musikarekin, kirol ekintzekin, umore ikuskizunekin eta askoz gehiagorekin gozatzeko aukera egongo da Deban eta Itziarren datozen egunotan.

Gabon garaian murgilduta gauden honetan, aurretik dugun oporraldirako eskaintza oparoz zipriztindutako egitaraua antolatu dute Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean. Batik bat, kulturarekin zerikusia duten ekintzak izango dira hurrengo egunetarako egitarauaren protagonista, baina, horiez gain, haur eta gaztetxoei zuzenduriko hainbat proposamenenekin, kirol ekintzekin eta bestelako aisialdi ekintzekin gozatzeko aukera ere egongo da. Eta, jakina, Olentzerok eta Mari Domingik eta Errege Magoek ere ez dute hutsik egingo.

Publiko zabalari zuzenduriko proposamenen artean, aurten ere leku nabarmena izango dute musikak eta dantzak. Itziarren, esaterako, Gabonei hasiera emateko Euskal Dantza Jaialdia antolatu dute. Abenduaren 22an izango da Andutz Euskal Dantza Taldeak antolatutako hitzordua, 18:00etan, Zabalsoro frontoian eta, bertan, ume, gaztetxo eta helduek parte hartuko dutela iragarri dute. Aitzuri abesbatzako kideak, bestalde, kaleak gabon kutsuko abestiez girotzen eta janzten ariko da Gabon bezperan. Eguberri Egunean Debako elizan egingo den meza nagusian ere abestuko dute abesbatzako kideek. Musika eskaintza osatuz, bandako kideek ohiko Gabon Zahar eguneko kontzertua eskainiko dute Plaza Zaharrean, “urtea musikaz eta alaitasunez agurtzeko”.

Antolatzaileek urteko sasoi berezi honetarako prestatu dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak

Umeei eta gaztetxoei zuzendutako ekimenek ere leku esanguratsua izango dute. Besteak beste, egitarauaren baitan daude abenduaren 26an eta 27an Debako Aldats pilotalekuan egingo den haur parkea eta abenduaren 30ean Itziarko Zabalsoro frontoian jarriko dituzten puzgarriak. Gaztelekuan ere aisialdia eta kirola uztartzen dituzten hainbat ekintza antolatu dituzte. Horien artean, aipagarriena, urtarrilaren 5erako antolatu duten pala txapelketa izango da.

Kirol ekintzen artean, urtea amaitzeko, ohi modura, San Silbestre lasterketa egingo da abenduaren 31n. Eta, nola ez, umorearentzako ere lekurik ez da faltako. Abenduaren 28an, Oskar Terol umoregile donostiarraren ikuskizuna ikusteko aukera egongo da Kultur Elkartean, eta hurrengo egunean, berriz, umorezko lau bakarrizketa labur batzen dituen Stand Up Gaua egingo da leku berean.

Antolatzaileek urteko sasoi berezi honetarako prestatu dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

EGITARAUA:

  • Abenduak 22, ostirala
    • 18:00. Gabonetako euskal dantza jaialdia, Andutz Dantza Taldearen eskutik, Itziarko Zabalsoro frontoian.
  • Abenduak 24, igandea
    • 10:30. Gabon eskea, Itziarko plazatik hasita, auzoz auzo.
    • 12:00. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta kalejira, Debako Plaza Zaharretik hasita.
    • 13:30. Aitzuri Abesbatza, Debako herriko kaleetan zehar.
    • 18:30. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Itziarko goiko eskolan.
  • Abenduak 25, astelehena
    • 11:00. Aitzuri Abesbatzak Debako elizan egingo den Eguberri Eguneko mezan abestuko du.
  • Abenduak 26, asteartea
    • 11:30-14:00 eta 16:30-19:30. Haur parkea, Debako Aldats pilotalekuan.
  • Abenduak 27, asteazkena
    • 11:30-14:00 eta 16:30-19:30. Haur parkea, Debako Aldats pilotalekuan.
  • Abenduak 28, osteguna
    • 18:00 eta 20:00. Oskar Terol umoregile donostiarraren Mundos para lelos ikusizkizuna, Debako Kultur Elkartean.
  • Abenduak 29, ostirala
    • 18:00 eta 20:00. Stap Up Gaua umorezko bakarrizketak, Debako Kultur Elkartean.
  • Abenduak 30, larunbata
    • 11:00-13:00 eta 15:00-17:00. Puzgarriak, Itziarko Zabalsoro frontoian.
  • Abenduak 31, igandea
    • 11:15. Debako San Silbestre lasterketa, Foruen Plazatik hasita.
    • 13:30. Debako Musika Bandaren kontzertua, Plaza Zaharrean.
  • Urtarrilak 5, ostirala
    • 10:30. II. Nesken Binakako Pala Txapelketa, 2006 eta 2011 bitartean jaiotakoentzat, Debako Aldats pilotalekuan.
    • 18:30. Debako Errege Kabalgata, portutik (euria egingo balu, Plaza Zaharretik).
    • 19:00. Itziarko Errege Kabalgata, Bikain jatetxe paretik hasita.