Itziarko eta Debako hamabi odol emaile handi omendu dituzte tokian tokiko elkarteek

Berriketan 2023ko abe. 27a, 10:23

Abenduan sartzearekin batera, Itziarko eta Debako Odol Emaileen Elkarteek odol gehien eman duten emaileen “ezinbesteko lana eta konpromisoa” eskertzeko ekitaldiak egin zituzten.

Batetik, abenduaren 2an Itziarko Burugorri gainean egin zen ekitaldian, lau laguni banatu zizkieten oroigarriak, beren borondatea eskertzeko. 43 eta 69 odol-ateratze artean eginda, Juan Luis Arratibel (53 donaziorekin), Nicolasa Garate (69rekin), Maite Salegui (47rekin) eta Jose Ignacio Urrutia (43rekin) omendu zituzten.

Bestetik, Debako udaletxeko areto nagusian abenduaren 3an egin zen ekitaldian, odola hainbatetan eman duten beste zortzi herritarri egin zieten aitortza. Honakoak omendu zituzten: Paul Garcia eta Josu Tapia (odola 25 aldiz ematearren); Ane Miren Egidazu (40 aldiz ematearren); Ander Martinez (50 aldiz ematearren); Miren Itziar Robledo (60 aldiz ematearren) eta Juan Jose Aguirregabiria, Juanan Izaguirre eta Jose Alberto Lazcano (75 aldiz ematearren).

Bi elkarteetako kideek odola ematearen garrantzia azpimarratu zuten ekitaldietan, eta gogorarazi zuten emaile gehiagoren beharra dagoela.

Debako ekitaldian parte hartu zutenak.

 

Talde berriaren aurkezpena

Debako ekitaldia, gainera, azken 36 urteotan tokiko ordezkaritzaren gidaritza izan duen taldea agurtzeko eta jada haren lekukoa hartuta lanean hasita dagoen taldearen aurkezpena egiteko ere baliatu zuten.

Azken urteotan taldea dinamizatzeaz arduratu direnek esker oneko hitzak izan zituzten hutsik egin gabe odola ematera joaten direnentzat, baita ibilbide honetan bidelagun izan dituztenentzat ere. Besteak beste, udalak emandako babesa ere eskertu nahi izan zuten, eta hiru alderdi nagusietako bozeramaileei emandako oroigarria izan zen horren erakusle. Ekitaldia “xumea” izan bazen ere, “polita eta benetan hunkigarria” izan zela adierazi dute talde berriko ordezkariek. “Amaitzeko, Zalburdira joan ginen guztiok elkarrekin zerbait hartzera”.