GUTUNA

Etxebizitza Sindikatuaren gutuna: “Etxegabetu nahi zaituzte?”

Berriketan 2024ko urt. 2a, 09:00

Hona hemen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak Berriketan aldizkarira bidali duten gutuna.

Azken urteotan, etxegabetzeek gora egin dute. Oihartzun handiena duten etxegabetzeez gain, non epaile baten aginduz poliziak familia bat bortxaz kanporatzen duen ordaindu ezin duen etxe batetik, etxegabetzeek forma ezberdinak hartzen dituzte. Gero eta ohikoagoak dira, alokairu kontratu etete ezberdinak medio, pertsona edo familia bati etxebizitzara sarbidea ukatzea, etxegabetze ilegalak burutzea (Desokupa erako enpresek, poliziak berak,…), sarraila aldaketak, jabeek argia moztea bezalako presio mekanismoak erabiltzea eta abar.

Guretzat, doako eta kalitatezko etxebizitzara sarbidea guztioi bermatu beharreko oinarrizko bizi baliabidea da. Honek, ordea, etxebizitzen jabetza esklusiboa irabazi ekonomikorako iturri gisa darabilten horien interesekin talka egiten du. Talka honen aurrean, instituzio publikoek irabazien logikarekin hausteko duten ezgaitasuna erakutsi dute berriz ere. Konponbiderik eman ezinik, sortzen diren ondorioen hala moduzko kudeaketa bat egiten saiatzen dira, hala nola kalitate txarreko etxebizitzak merkaturatuz, irabaziak bermatzeko dirulaguntzak jarriz edota banketxeei, hipotekei loturiko etxegabetze prozesuak aldi baterako geldotzearen truke, kontzesioak eginez.

Bien bitartean, bizi-baldintzen kaskartze eta garestitze garaiotan, geroz eta gehiago dira etxebizitzara sarbidea ukatua dutenak, baita euren etxebizitzatik kanporatuak izango direnak ere. Testuinguru honetan, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe, behin betiko gelditu daitezela aldarrikatzen dugu. Guk bide horretan egingo dugu lan.

Etxegabetua izateko arriskuan bazaude, jarri gurekin harremanetan 671 19 59 24 telefono zenbakian edo esindikatua.debabailara@gmail.com helbide elektronikoan.