Hotzarekin eta neguko eguraldiarekin batera iritsiko dira aurten Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Gaurkoan (urtarrilak 5), Errege Egunaren bezperan egin ohi izan den bezala, Errege Magoen kabalgatak egingo dituzte hainbat herritan, eta Deba eta Itziar ere ez dira salbuespena izango.
Hori bai, prezipitazio handiengatik indarrean dagoen abisu horiagatik, Errege Magoek Debara egin beharreko bisita moldatu egin behar izan dute. Antolatzaileen erabakiz, kabalgataren ibilbidea ohi baino motzagoa izango dela jakitera eman dute. Portutik abiatu ordez, Plaza Zaharrean hasiko dute ibilbidea Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. 18:30ean jarri dute hitzordua eta Ostolaza, San Roke eta Lersundi kaleetatik igaro ondoren, udaletxean amaituko dute ibilbidea.
Udaletxera iristean, lehendabizi, Gabonetako Balkoi, Leiho eta Fatxaden I. Lehiaketako sariak banatuko dituzte eta, ondoren, haurrek gustukoen duten erregeari “desioz betetako” gutuna emateko aukera izango dute. Ekitaldia biribiltzeko, udaletxeko balkoira aterako dira erregeak, Foruen Plazan batutakoak agurtzera.
Itziarren ere aldaketak iragarri dituzte. Aurreikuspenen arabera, 19:00etan hasiko da Lizarbe guraso elkartearen eta Itziarko Auzo Udalaren ekimenez antolatutako kabalgata, baina abiapuntua Bikain jatetxearen parean ordez, Burugorri parean izango dela jakitera eman dute. “Ordu horretan, Burugorri Gaineko balkoira agertuko dira Errege Magoak. Ondoren, plazara abiatuko dira. Ekitaldiari, beti bezala, elizan emango zaio amaiera”.