Ostiral (urtarrilak 5) iluntzean euria eta hotza ari bazuen ere, Deban eta Itziarren harrera beroa egin zieten Errege Magoei. Bi tokietan, aurrez iragarrita zeuden ibilbideak moztu egin behar izan zituzten, baina, hala ere, ikusmin handia eragin zuten bateko zein besteko kabalgatetara bertaratu zirenen artean.
Debako kabalgata, esaterako, 18:30ak pasatxo bota zituzten suziriekin batera hasi zen. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ifar kaletik iritsi ziren Plaza Zaharrera, eta eguraldia nahi bezalakoa izan ez bazen ere, asko eta asko izan ziren eguneko hiru protagonistak agurtzera atera ziren herritarrak. Udaletxe parean amaitu zuten kalejira, baina, aurretik, Alde Zaharreko zenbait kaletatik ibili ziren eta, ohiturari jarraituz, Gurutze kaleko jaiotza bisitatu eta Jesus haurtxoa gurtzeko tartea ere hartu zuten.
[Ikusi HEMEN Debako eta Itziarko kabalgatek utzitako irudiak]
Ekitaldia amaitzeko, haurrei harrera egin zieten udaletxe areto nagusian. Bertaratu zirenek Errege Magoekin minutu batzuk hitz egiteko eta argazkiak ateratzeko aukera izan zuten, baita azken uneko gutunak postontzian sartzeko ere. Irteeran, gainera, zorroak zein patrikak goxokiz betetzeko aprobetxatu zuten haurrek. Guztiak agurtu ondoren, udaletxeko balkoira irten ziren Foruen Plazan zain zeuden herritar guztiak agurtzera.
Itziarren ere euriak ez zuen Errege Magoek ekarri ohi duten ilusioa zapuztu. Eguraldi txarra zegoela eta, Lizarbe guraso elkartearen eta Itziarko Auzo Udalaren ekimenez antolatutako kabalgata ohi baino motzagoa izan zen. 19:00ak pasatxo, Burugorri Gaineko balkoira agertu ziren Errege Magoak eta han batutako guztiak agurtu ondoren, zaldi gainean plazarantz joan ziren kalejiran. Ekitaldia, ohi bezala, elizan amaitu zuten.