Debabarrenako Mankomunitateak eskualdeko bide publikoetan dauden animaliak jasotzeko zerbitzua eskaintzen du, eta jasotako animaliak Eibarren kokatzen den Animalien Ongizaterako Zentrora eramaten ditu. Bada, zerbitzu horiek eskaintzearen tasa arautzen duen ordenantza da orain onartu duena, kalean jasotzen diren animalien jabeek ordaindu beharreko tasak zehaztuz. Ordenantzaren arabera, zerbitzua erabiltzen duten herritarrek zehaztutako tasak ordaindu beharko dituzte aurrerantzean: 50 euro bide publikoan utzitako animaliak jasotzeagatik eta Animalien Ongizaterako Zentroan harrera egiteagatik 12 euro eguneko.
Kalean jasotzen diren animaliak Mankomunitatearen Animalien Ongizaterako Zentrora eramaten dira eta bertan txosten bat betetzen da datu guztiekin: kokapena, udalerria, data, espeziea, arraza, sexua, identifikazio zenbakia, osasun ebaluazioa eta albaitariaren sinadura.
“Jasotako txakurrei eta katuei albaitaritza eta etologia tratamenduak ematen zaizkie zentrora iristean eta ahalik eta lasterren jakinarazten zaio jabeari animalia zentroko instalazioetan dagoela. Identifikatuta ez dauden animalien kasuan, zentrora sartzean identifikazio bat ezartzen zaie”, azaldu dute. Jabea agertzen denean animaliaren egoeraren inguruko informazioa ematen zaio eta, jabea dela frogatzen duenean, ordenantzan araututako tasa ordaindu beharko du eta ondoren itzuliko zaio animalia. “Hilabete bateko epean jaberik agertzen ez bada, animalia adopzio programan sartuko da eta bere informazioa argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean”, azaldu dute Mankomunitatetik.
Gaineratu dute animaliak zentroan dauden bitartean beti bermatzen direla baldintza egokiak: elikagaiak eta ura egunero, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa baldintza higieniko eta sanitario egokiak mantentzeko, txakurrekin paseoak, albaitaritza zerbitzua, gaixo edo zaurituta dauden animalien arreta berezia, eta abar.
Horrez gain, Mankomunitateak kaletik ere jasotzen ditu animalia hilak, hala nola eskualdeko udalerrietako bide publikoetan egon daitezkeen txakurrak, katuak, usoak, arratoiak edota ardiak.