ELKARRIZKETA

Iosu Arraiz Aranburu Debabarrena eskualdeko Mankomunitateko presidentea: “Erronka nagusia da errefus kopurua gutxitzea”

Berriketan 2022ko mar. 8a, 09:00

Iosu Arraiz Aranburu jeltzalea (Elgoibar, 1991) 2019ko uztailaren 26tik da Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko presidentea. Hondakinen gaikako bilketa da bere ardura nagusietako bat. Azpimarratu du, kosta egiten den arren, apurka-apurka herritarrak ari direla ohiturak aldatzen.

Mankomunitatearen 15 milioi euroko aurrekontutik 9 milioi euro pasa bideratuko dira hiri-hondakinen bilketara. Zelan banatzen da herrika?

Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzua komuna da, ez da herrien arabera bereizten. 9 milioi euro horien barruan sartzen dira, besteak beste, inbertsioak. 2019tik 1,3 milioi euro bideratzen dira inbertsioetara, kale garbiketara, administraziora… Hondakin bilketarekin lotuta, aurtengo inbertsioak izango dira baliabideak berritzeko, iaz moduan: kamioiak, konpostagailuak, edukiontziak…

Lurrazpiko edukiontziak erretiratzen ari zarete, ezta?

Bai, iaz ordezkatu genituen lurrazpiko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik. Egoera ikusita eta herritarrei sortzen zizkieten arazoak kontuan hartuta erabaki zen aldatzea, gainera, mantentze-kostu altua dute. Bestalde, orain, lurrazalekoengatik aldatu ez diren lurpeko edukiontziak berritzen ari gara, egoera txarrean zeudenak eta hainbat arrazoirengatik lurrazalekoengatik aldatu ezin izan direnak. Elgoibarren hasi gara lanean eta berrituko ditugu Ermuan, Eibarren eta Mutrikun, guztira, 65 edukiontzi, urtea amaitu aurretik.

Bilketa selektiboaren datuen arabera, 2017tik (%48,88) 2018ra (%53,55) eman zen gaikako bilketan igoera nabarmenena; harrezkero, gutxiago igo da edo bere horretan mantendu da. Zein da helburua?

Igotzen joan da, batik bat, sisteman berrikuntzak sartu izan direnean, adibidez, organikoaren bilketa, errefusarena… Gero, egonkortu egin dira datuak. Hau da sirimiria bezala; jendearen ohitura aldaketetan eragitea ez da batere erraza, poliki-poliki doa bustitzen eta ohitura berriak barneratzen. Hala ere, helburua da hazten segitzea. Ari gara sistema aztertzen, bilketa hobetzeko, herritarrei erraztasunak emateko eta eraginkorrago bilakatzeko. Dena den, oro har, datuek hobera egin dute eskualdeko herri guztietan. Gaikako bilketan %55 inguruan gaude eskualde mailan.

Zein kopuru nahi duzue lortu?

2020rako ezarrita zegoen gaika %40 batzea, hori gainditu egiten dugu. 2025erako %50a dago ezarrita. Hori ere bete dugu. 2030erako dugun helburua da %70erainoko gaikako bilketa lortzea.

Zer da gehien kostatzen dena?

Ontzi arinak batzea. Sortutako hondakinen artetik ontzi kopurua zenbatekoa den kontuan hartuta, gutxi batzen dugu. Azkenean. ia dena da plastikoa.

Erronka nagusia, berriz, da errefus kopurua txikitzea.

Debagoienarekin konparatuz, adibidez, ia 20 puntu beherago dago Debabarrena (Debagoieneko gaikako bilketa da %74,54) Aztertu da arrazoia?

Eskualde bakoitzak bere garapena egin du hondakinen bilketan. Gipuzkoan daude batzuk guk baino gehiago biltzen dutenak eta beste batzuk gutxiago. Guk gure bidea dugu eta nahi dugu hor sakondu, herritarren, enpresen eta gizarteko beste kolektibo batzuen laguntzarekin. Nik uste dut sisteman baino eragin behar dugula ohituretan.

Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, baxua da hemengo gaikako bilketa; berrerabiltzeko ohitura ere ez dago horren barneratuta…Kontzientziazio falta dago akaso?

Iaz egin genuen kanpaina hondakin gutxiago sortzeko eta berrerabiltzeko… Uste dut bogan dagoela bigarren eskuko produktuak erostea, adibidez, Internetez. Herrietan ere bigarren eskuko gero eta azoka gehiago egiten dira. Nik esango nuke, orain arte bigarren eskuko arroparik –familiatik kanpokorik- ez genuela ia nahi eta orain gero eta gehiago erabiltzen edo erosten dela. Uste dut badagoela aldaketa. Konpondu, berrerabili eta bigarren eskukoak salerosi egin behar dira. Gero eta gutxiago sortu orduan eta gutxiago izango dugu gaika biltzeko. Gaika biltzea azken alternatiba da.

Enpresen hondakinak ere batzen dituzue. Nahikoa birziklatzen dute?

Industrialdeetan batzen dugu egurra, papera, ontzi arinak, bio-hondakinak eta errefusa, hiriko hondakinekin pareka daitezkeenak. Orain, industrialdeetara bisitak egiten ari gara, gogorarazteko ezin dutela jarduera industrialarekin lotura duten hondakinak errefusera bota, adibidez, txirbilak, tailer mekanikoetako olio poteak… Horiek dira euren jarduera ekonomikoan sortzen dituzten hondakinak eta bakoitzak bere tratamendua behar du. Hori ez da gure arduren barruan sartzen.

Garbiguneetara zer bota daiteke?

Aparailu elektroniko eta elektrikoen hondakinak, pintura latak, olio potoak… Hau da, partikularrek etxeetan sortzen dituzten hondakin arriskutsuak. Gremio txikiek ere erabil ditzakete, adibidez, margolari autonomo batek. Baina mugak daude: 250 kilo asteko, eta, obra hondakina bada –amiantorik gabekoa beti-, 500 kilo astero. Lau garbigune daude: Elgoibarren, Ermuan, Eibaren eta Mutrikun. Eibarkoa eta Elgoibarkoa dira berrienak eta handienak. Ermukoaren kokapena ez da aproposena eta tamaina aldetik ez du horrenbeste erraztasun. Hori hobetu beharra dago. Mutrikukoa, berriz, ondo dago, erdibidean.

Urruzuno itxi zen. Nora bideratzen dira hara zihoazen hondakinak?

2007an itxi zen. Orain zigilatzen ari gara ingurunea, esparrua berreskuratzeko garantia guztiekin. Kapa begetala eta belarra landatuko zaizkio azalean. Urruzunora ez dira inoiz eraman hiri hondakinak, hondakin inerteak, baizik. Hara eramaten ziren bolumen handiko hondakinak, gaur egun, Zubietara eramaten dira, egurra Kanpanzarrera eta plastikoak Aizarnazabalera. Osterantzean, hondakinei dagokienez, errefusa joaten da Zubietako ingurumen zentrora, organikoaren zati bat Epeleko konpost-plantara, beste bat Zubietako bio-metanizazio plantara, ontzi arinak Legazpiko planta batera, papera eta kartoia Zornotzako Saica Natur enpresara eta beira Ecovidriora. Bakoitzak bere trataera du, ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Pandemiarekin kendu egin zen edukiontzien txip-sistema. Horrek eraginen bat izan du bilketan?

Mantendu egin dira datuak. Ez dugu ikusi okerrera egin dutenik. Beraz, orain gaude aztertzen zer egin, ea merezi duen txipa ipintzerik edo frakzio jakinen baten ipintzea.

Bi urte Zaldibarren hondamendia gertatu zenetik; zelan ikusten duzu egoera?

Gure lan errotik kanpo geratzen da Zaldibar. Dakiten pertsonek edo adituek hori argitzea nahiko genuke. Guri dagokigunez, gure hondakinak bideratuta ditugu eta hondakin horietatik ahalik eta gehien aprobetxatzea da asmoa. Helburua da hondakindegietara ahalik eta gutxien botatzea.

Besterik nahi baduzu gaineratu…

Gogoraraztea birziklatu egin behar dela eta ekonomikoki eta ingurumenarentzat ezinbestekoa dela gutxiago sortzea.