ELKARRIZKETA

Joxe Landa eguraldi-iragarlea: “Natura da dena; ikaragarrizko arreta ematen dit denak hainbeste denboran berdin jarraitzeak”

Berriketan 2022ko mai. 5a, 09:00

Aski ezaguna dugu Joxe Landa itziartarra Debabarrenean, baita Euskal Herrian ere, ez du-eta eguraldiaren berri alferrik ematen egunero sei hedabidetan. Urteetan egindako lanaren onarpena ere izan zuen iaz 92 urteko eguraldi-iragarleak, Landaola saria jaso baitzuen.

Endoiako Beliosoro baserrian jaioa izanik, eta umezaroko inguruneak sortutako mirespena kontuan hartuz, erabat naturaltzat du egindako bidea: baserriko lanetarako eguraldia aztertzeko premia batetik, ingurunea zaintzeko baserriaren beharra bestetik; eguraldia eta kooperatibismoa, bere bizitzaren bi isurialdeak. Politikan, berriz, naturak dena biltzen duen ideiak ikuspegi propioa ekarri dio.

11 anai-arrebetan bigarrena. Nolako umezaroa izan zenuten? Nola hasi zinen eguraldia iragartzen?
Zortzi bizi gara orain. Izugarrizko sinpatia geratu zitzaidan garai haietakoa, mirespena… Baserria orain askoz eleganteago dago, baina niri inpresio oso ona geratu zitzaidan katamuxarrak-eta, saguak-eta… oso bizi zegoen natura. Asko joaten naiz orain ere baserrira baina herrian bizi naiz. Hasieran Endoian ikasi nuen eta gero Zestoan bi urtez, baina gutxitxo; neure kasa ikasitakoa, liburuetatik, gehiago izan da. Eguraldiarena premiazko zerbait zen, aitak esaten zidan eguneko lanak organizatzeko zer eguraldi zegoen begiratzeko. Ordurako lainoei izenak ipintzen nizkien, eta segituan hasi ziren auzokoak galdezka.

Zure eguraldi-iragarpenei sarri poesia-kutsua darie (eguraldiaren dotorezia, euri lardatsa, trumoi konkorrak…). Non ikasia duzu hiztegi hori?
Aitari ikasi nizkion asko. Bazuen aitak esaldi xelebre bat: Mendarotik zetorrenean haizea eta leihoko xirrixtutik pasa ezinean fiuuu zarata egitean, zera esan ohi zuen: Hara orain ere hemen dek Antonio potolo. Eguraldiari asko begiratzen zitzaion orduan baserrian, derrigorrez.

Itziarko mikroklimaz ba omen dago zeresana.
Kostaldeak du eraginik handiena, kosta dezente duelako Itziarko parteak. Diferentzia handia dago ipar isurialdea izan edo beste aldekoa. Mendiak ere ematen dio berezitasuna, haizeak hegotik jotzen badu aldapan gora doanean mendian freskura galtzen du eta beherakoan epeldu egiten da. Hotzena, berriz, ipar mendebaldeko haizearekin izaten dugu; haizea zeharo mendebala baldin bada askoz gutxiago, Galizia aldetik hona mendikate luzea zeharkatzen duelako, baina iparragokoa baldin bada bete-betean harrapatzen gaitu.

Irakurri dizugunez, Txankarta soinujoleak esan ohi zuen hego-haizea Itziarko kasko inguruan sortzen zela.
Txapasta gainean zabalgune handia dago eta hortik haizea Andutz eta Lizarreta mendien artean sartzean, estutzean, indarra hartu eta zakartu egiten da. Gainera, alde ikaragarria dago, Andutzen alde horretatik badator bete-betean harrapatzen gaitu haizeak, baina ekialdetik baldin badator Andutzek traba egiten dio eta indarra kentzen dio.

Eta Debak ere izango du bere ingurunearen araberako mikroklima, ezta?
Mendarotik Debara bitartean ibaiaren gorabeherengatik hezetasuna sortzen da. Itziarren baino hezetasun handiagoa dago Deban, Mendarora arte hori. Mendarotik gora ere, Eibar aldera, gutxiago dago hezetasuna, hori ondo neurtuta dago.

Animalien ohiturei begira ere igarriko dira hainbat kontu, ezta?
Bai, garai batean dezente begiratzen nion horri. Oiloek adibidez asko adierazten dute; oiloak ohikoa baino gehiago ibiltzen zirenean larrean, euria etortzen zen.

Pello Zabalak txantxangorriari hitz egiten ziola diote ingurukoek. Zuk ere txantxangorriaz idatzi izan duzu…
Bai, idatzi izan dut. Txantxangorria da baserrian txoririk sinpatikoena. Detaile asko ditu, ganbarara etortzea, adibidez, babes bila.

Zabala eta biok eguraldi-iragarle ezagunak izan zarete. Nolako harremana zenuten?
Garai batean asko ibili ginen elkarrekin. Bera tenporetan ere oinarritzen zen; nire ustez ezin da horretan sinistu, sineskeria da. Baina harreman handi eta ona genuen.

Bloga ere baduzu eta bertan, iragarpenez gain, naturari buruzko artikuluak ere idazten dituzu tarteka.
Bai, natura da dena, eta ikaragarrizko arreta ematen dit guztiak (ilargia, mundua, mugimendua…) berdin-berdin jarraitzeak hainbeste denboran. Nik ez dut aldaketa klimatiko orokor horretan sinesten, epe laburregia begiratzen da eta. Nire historia 1950aren aurretik hasten da eta 80 edo 40 urteko estatistika eginda alde handia dago. 1956an, esate baterako, otsailean, Kandelario Egunean hasita, hilabete osoan izotza izan zen, eta ezohiko beroaldiak ere beti izan dira.

Zein da gaur egun zure egunerokoa?
Goizero eguraldiari buruzko dozenerdi webgune begiratzen jardun galanta egiten dut, eta kanpoan denbora guztian ingurunearen detaileei begiratu (hori ia konturatu gabe). Astegunetan goizero zuzenean bost emisoretatik deitzen didate eguneko iragarpena emateko (Leitza, Baztan, Beasain, Segura eta Arrasate). Bestalde, Gara egunkarira ere, haren sorreratik, egunero bidaltzen dut iragarpena. Arratsaldeetan bi izaten ditut astean, Jaime Zubia Onda Cerokoa eta beste bat, eta biei hurrengo asteko iragarpena ematen diet; hori zailxeagoa da beti.

Baserri-lanetan lehenengo, baserri-elkarte batean gero, eta Inekon (Itziarko Nekazari kooperatiban) azkenik. Beti baserriaren alde lanean.
Baserri munduak beti ekarri du ingurunearen kudeaketa, eta administrazioak ikusmira tekniko sakon bat izan behar du gaiaz, baita bertatik bertarako elikaduraz ere. Kanpokoarekin bakarrik bagabiltza, orain Ukrainarekin gertatu den bezala, mendeko gara.
Bertakoa estimatu behar da eta horren aldeko kudeaketa egin, ea noraino ahal dugun. Baserritik bizi den jende gutxi dago orain; horrek laguntza beharko luke eta alderantziz dago, kontribuzio ederra! Herri txikietan ere inguruaren zaintza eta jakintza handia dago, baina hiriburuetarantz doa jendea, eta horrela akabo herri txikiak!

Politikak ere piztu izan du zure interesa, ezta?
Pekatu handia daukagu gutasunarekin. Nikeria handia daukagu eta gero gukeria bihurtzen da hori, arrazonamendu horietan sakondu beharra daukagu, ez gara konturatzen elkarrekin daukagula indarra; bakarrik ez garela ezer.

Nortasunaren gaiaz ere hitz egin izan duzu. Garai argiagoak al dira hauek Deba eta Itziarrentzat, lehengo lainoak urrunduta?
Nire ustez Debak ez du ezer galtzen, gu ere debarrak gara, baina itziartar izaera ere badaukagu. Hasieratik egin izan balitz orain daukagun auzo udal hau zenbat arazo aurreztuko genukeen!

Eta bukatzeko, aukera aprobetxatuz, nolako udaberria datorkigu, Joxe?
Nik uste, batez beste, udaberria ondo portatuko dela. Goiko haize hotzekin tarteka trumoietarako joera izango da, ikusten da hori ere, baina trumoietarako joerak ez du euria esan nahi beti.