Bi fase izango ditu Mankomunitatearen zerbitzuen digitalizazioak. Irailean abiaraziko dute lehena, proba fasea, zerbitzua lizitatu eta berehala. Urtebeteko iraupena izango du eta hondakin bilketaren hiru ibilbidetan eta kale garbiketarako bi ibilgailutan ezarriko dute. Proba faseko emaitzak egoki ikusten badira, Mankomunitatearen zerbitzu guztietan aplikatuko da digitalizazioa: 47 ibilgailutan eta 2.428 edukiontzitan.
Jarraipena tag-a eta GPS bidez
Proiektuaren berri emateko Eibarren izandako prentsaurrekoan, Asier Lekube Badesako gerenteak esplikatu zuenez, edukiontzietan tag batzuk jarriko dituzte, ontziak lokalizatuta egon daitezen eta haien egoeraren gaineko kontrola eskuratzeko. Besteak beste, edukiontziak pisatzeko sistema izango dute eta, oro har, ahalbidetuko du puntu bakoitzaren gaineko jarraipen zehatza egitea.
Ibilgailuei dagokienez, berriz, ordenagailuak eta GPS sistema ezarriko dizkiete. Haien bitartez, aurreikusitako eta egindako zerbitzuaren artean izan litezkeen balizko intzidentziak detektatuko dituzte eta konponbidea emateko eta zerbitzuak hobetzeko neurriak hartu.
Irailean esleituko da
Digitalizazio proiekturako aurrekontua da 779.886,44 eurokoa (BEZ barne). Hiru enpresa aurkeztu dira deialdira eta irailean esleituko dute zerbitzua. Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak esan duenez, zerbitzuen eraginkortasuna bermatzeaz batera, digitalizazioak Mankomunitateko lanaren barne-antolaketan aldaketak ekar ditzake.