Eskualdeko erakundeak uste du hobetzeko tarte nabarmena dagoela, eta ratio handiagoetara iristeko asmoarekin, kanpaina berezia abiatu du. Arreta hondakin asko sortzen dituzten guneetan jarri eta halakoetan ontzien gaikako bilketa bultzatzeko helburuarekin, hainbat hotel, osasun zentro zein adineko egoitza bisitatu zituzten joan den astean mankomunitateko ordezkariek, besteak beste, ontzi arinak edukiontzi propioen bidez bereizteko behar dituzten bitartekoak eskaintzeko.
Mankomunitateak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hori aukeratu du ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuen artean, eta 16.939,19 euroko finantzazioa jasoko du kanpainak.
Ontziak bereizteak ingurumenari egiten dion mesedea nabarmentzeaz batera, adierazi du Ecoembes erakundeak 555.000 euro baino gehiago bueltatu dizkiola batutako ontzien truke, eta gogora ekarri du diru sarrera horiek hondakinen bilketa zerbitzuan hobekuntzak egiteko erabiltzen direla.
Edukiontzi horietan, plastikozko botilak, garbiketa ontziak, erretiluak eta paketeak, elikagaien eta edarien latak eta tetrabrikak bezalako ontziak utz daitezke. Mankomunitateak ohartarazi du ontzi horiek guztiak edukiontzi barrura sartu behar direla, bestela ez baitira birziklatzen.