Proba nagusiko partaideak zumardiko kioskotik korrika abiatu ziren Santa Katalinako ermita, Itziar eta Arbil mendi inguruetara. Aurten gainera, Arbilgo koban ere sartu ziren espeleologiako proba berezia burutzeko. Handik, zumardira itzuli eta, bizikleta hartuta, Mutrikuko Olatz auzora jo zuten.
Olazko anoa postuan indarrak berreskuratu ondoren, Arno mendikatean trekking egiten aritu ziren, gero Olatzera itzuli, berriro bizikleta hartu eta Mutrikura jaitsiz. Bertan, hiru proba berezi egin behar izan zituzten: eskalada, rappela eta igeriketa. Behin horiek burututa, Kalbario inguruetatik igarota Debara etorri ziren.
[Morkaiko Raid Taldeak ateratako ARGAZKI GALERIA, hemen ikusgai]
Guztira, 27 kilometro egin zituzten korrika eta 35 kilometro mendiko bizikletetan, eta 2.000 metroko desnibel positiboa orotara. Bikoteka lehiatu ziren abentura raidean; emakumezkoetan, zazpi taldek parte hartu zuten eta Supernovas taldea nagusitu zen; gizonezkoetan, 22 talde lehiatu ziren eta Capra Alpina-k lortu zuen lehen postua. Talde mistoetan lehiatu ziren hamahiru taldeen artean Sopels Team gailendu zen.
Familia raidean parte hartu zutenek ere Debako zumardian eman zioten hasiera probari. Antolatzaileen azalpenak entzun ondoren, talde bakoitzeko txikienek ziztu bizian hartu zituzten mapak eta herri inguruetan zeuden baliza ezberdinen bila aritu ziren. Hondartzan joko bereziak prestatu zizkieten partaideei, eta zumardian slackline eta txirrindularitza proba berezi bat ere egin behar izan zuten.
Antolatzaileen esanetan, “bi ordu eta erdiko bilaketa, joko, korrikaldi eta orientazio momentu dibertigarri ugariren ondoren, proba amaitu eta, helmugan bertan zegoen anoan, probari buruzko komentario eta pasadizo guztiei buruz hitz egiteko aukera izan zuten”. Morkaiko Mendizale Elkarteak eskerrak eman dizkie proba antolatzen lagundu dieten entitate eta denda guztiei, “eta, nola ez, parte hartzaile guztiei ere bai”.
Sailkapen guztiak HEMEN ikus daitezke. Morkaiko Raid Taldeak ateratako argazki galeria ikusi nahi izanez gero, aldiz, sakatu HEMEN.