Mirian Arrizabalaga Badiola itziartarra 2009an hasi zen baratzezaintza ekologikoan, Nerea ahizparekin batera, eta 2012tik Biolur elkarteko presidentea da. Maider Zubikarai Beristain debarra, aldiz, elkarte bereko koordinatzailea da.
Zein da elikadura ekologikoaren garrantzia bizitza osasuntsua eduki ahal izateko?
Bizitza osasuntsua edukitzeko arlo bat baino gehiago zaindu behar dira eta, noski, elikadura da horietako bat, garrantzitsua gainera. Elikagai ekologikoak elikadura egokia izaten laguntzen digu. Batetik, jaten dugun hori kalitatezkoa dela bermatzen digulako (nutritiboki). Eta, bestetik, elikagai hori ekoizteko moduak ere zainduak izan direlako, inolako sintesizko kimiko eta toxikorik gabe, landareen eta animalien zikloak errespetatuz, lurra zainduz…. Bestalde, elikagai ekologikoak eta bertakoak erostea hautu bat egitea ere bada eta horrek elikadurarekiko dugun harremana nolakoa den erakusten du. Normalean, bertako ekoizleei edo dendariei erosten dizkiegu elikagaiak eta hori osasuntsua da komunitatearentzat.
Nolako lana dago elikagai ekologikoen atzetik?
Eredu ekologikoan ekoiztea naturaren zikloak errespetatzetik hasten da, garaian garaikoa izatetik, lurra emankor mantentzetik, kutsadura ekidinez. Beraz, gu zaintzeaz aparte, ingurua ere zaintzen du gure ereduak. Eta ez da bakarrik nola ekoizten den, baita salmenta ahalik eta zuzenena eta gertukoena egiten saiatzen garela ere (azoketan, denda txikietan, ostalaritzan, otarren bidez…). Azkenean, tokiko sozio-ekonomian eragina du. Badago ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi bat, saretze bat, harremantze bat, eta hori oso garrantzitsua da.
Duina azterlana aurkeztu duzue berriki eta aurkezpenean zera adierazi zenuten: “Osasuntsu elikatzeko eskubidea herritar guztiek bermatuta beharko lukete”. Elikadura ekologikoa da horretarako aukera?
Azterlana ikerketa proiektu bat izan da, eta bertan hainbat arlo tekniko eta ekonomikoa landu
dira: laboreen ekoizpen kostuak, baratzezaintza, merkaturatzeari, gestioari, kolektibizatzeari eta zaintzari baratzezainek zenbat ordu eskaintzen dizkieten, ordu hauen kostuak, soldata… Ikerketa oso sakona izan da, datu asko bildu ditugu, eta emaitzek erakutsi digute labore askoren prezioa ekoizpen kostuen azpitik daudela eta oraindik lan asko dugula egiteko baratzezaintza ekologikoak dituen eragin positibo guztiak jendarteratzen. Elikagai ekologikoak denon eskura egon behar dira, osasuntsu jatea eskubide bat delako eta, beraz, Duina ikerketaren aurkezpenak eskualdeka egingo ditugu, herritarrekin elkarrizketa sortzeko. Gainera, eskola komunitatearentzat materiala eta ikus-entzunezko bat sortzen gabiltza. Eta, noski, elikadura ekologikoa da osasuntsu jateko bermea, bertakoa eta ekologikoa, eta ahalik eta modurik zuzenenean erosia.
Elikagai bat ekologikoa izateak zer esan nahi du?
Elikagai bat ekologikoa da ekoizpen eredua ekologikoa bada. Berme hori zigilu batek ematen du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan horren ardura Euskadiko Elikagai eta Nekazaritza Ekologikoaren kontseiluak du. Urtero ikuskatzeak pasatzen ditugu eta gure egiteko erak eta erosten ditugun lehengaiak ekologikoak direla ziurtatu behar dugu. Komunitate bakoitzak bere kontseilua du, eta hemengoak marka berria sortu du produktuak bertakoak eta ekologikoak direla identifikatzeko: Ekolurra.