ELKARRIZKETA

Aitziber Cortazar: “Energia Bulegoak lehen pausoak ematen lagundu nahi die erabiltzaileei”

Berriketan 2022ko aza. 10a, 11:19

Aitziber Cortazar Debegesako Garapen Jasangarria saileko buruak Energia Bulegoaren berri eman digu.

Zein da Energia Bulegoaren funtzio nagusia?
Debabarreneko zortzi udalerriek eskaintzen duten zerbitzua da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak diruz lagunduta, eta zenbait funtzio ditu. Herritarrei zuzenduriko alderdiari dagokionez, eraginkortasun energetikoa sustatzea eta energia berriztagarriak ipintzea dira helburu nagusiak.

Horretarako, zer eskaintzen duzue?
Alde batetik, Debegesaren web orrialdearen barnean Energia Bulegoaren atala dago: energia.debegesa.eus. Energia berriztagarrien (panel fotoboltaikoak, panel termikoak, geotermia, aerotermia eta biomasa) eta birgaitze iraunkorraren (teilatuak birgaitzea, igogailua instalatzea edo aldatzea, berogailuen instalazioa…) inguruko oinarrizko informazioa modu didaktikoan jaso daiteke bertan. Gainera, faktura elektrikoa optimizatzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu.

Webguneko informazioaz gain, norbanakoek euren kasu zehatzen inguruko zalantzak argitu dezakete?
Bai. Horretarako bi bide ditugu. Batetik, webgunearen bitartez gurekin harremanetan jarri daitezke inprimaki batzuk betez eta argitu nahi den gaia zehaztuz. Bestetik, 943 82 01 10 telefonora deituta hitzordua eskatu daiteke Debegesan, edota email bitartez kontsulta bideratu: agenda2030@debegesa.eus.

Energiaren gaia ahoz aho dabil. Garrantzi berezia hartu du gaur egun Energia Bulegoak?
Debegesak aspaldi landu ditu energiaren inguruko gaiak eta, eboluzio naturalari jarraituz, gaur egungo egoerarekin egin du bat. Energiaren prezioak nola dauden ikusita, egia da orain dela urtebete inork egingo ez lituzkeen planteamenduak egiten ari direla orain. Zentzu horretan, Energia Bulegoak lehen pausoak ematen lagundu nahi die erabiltzaileei. Esate baterako, komunitate bateko bizilagunek eguzki-plakak instalatu nahi badituzte, zein pauso eman behar duten argitzen diegu, dirulaguntzen inguruko informazioa eskaintzen dugu, tramitazio legalaren ingurukoa… Horretarako, laguntze aldera, kontsulta egiten dutenen aldetik ahalik eta informazio gehien jasotzea komeni da, gero eta erantzunik zehatzena emateko.

Enpresentzako zerbitzuak eskaintzen dituzue?
Bai. Esate baterako, energia fotoboltaikoa ekoizteko duten gaitasuna neurtzen diegu. Azken urtean, 30 enpresa baino gehiagok erabili dute zerbitzua. Orain, turismo sektoreko enpresei energia analisi auditoretza egitea eskaintzen ari gara, energia berriztagarriak ipintzeko zein aukera izan ditzaketen ikus dezaten.