Zelako uzta eramango duzue Durangora?
Askotarikoa. Andoni Tolosa Morauk eta Beñardok ateratako ardoari buruzko disko-liburutik hasi, Markos Untzeta eibartarraren diskotik segi, blues diskoak, jazz asko… Bestalde, Txuma Murugarrenena ere badugu, baina atzeratu egin da.
Artista asko egotea kasualitatea da?
Gaur egun, musikak dituen aldaketekin, dibertsifikatu egin beharra dago; guk horrela egin dugu eta momentuz, ondo funtzionatzen digu.
Zergatik dibertsifikatu beharra?
Musika euskarri fisikoan geroago eta gutxiago saltzen da. Lehen ateratzen zenuen produktu gutxi eta horietatik asko saltzen zen; orain, berriz, produktu gehiago atera behar dira, izan ere, horietatik gutxiago saltzen da.
Diskoen ezaugarriak ere aldatu dira? Motzagoak dira…
Ez, lehengo modukoak. Azken batean, diskoak zuzenekoan defendatu behar dira eta zuzenekoak ordubete pasako kontzertuak izaten dira.
Aipatu dituzun izenen artean badaude aspaldiko klasikoak, ‘Morau’, adibidez…
Bai, Andoni Tolosa etxekoa da, aspaldi ezagutzen dugu. Gainera, oso emanaldi kuriosoa egin du, ardoaren inguruko tematikoa, Biba Ardoak-ekin elkarlanean… Soraluzen izango da emanaldia abenduan; beste hainbat lekutan ardo kata eta guzti egiten du. Adibidez, Chillida Lekun, Biba Ardoak-ek ardoa ipini zuen eta Chillida Lekuk pintxoak, musika entzutera joatea baino gehiago izan zen, esperientzia oso bat.
“Gaur egun produktu gehiago atera behar dira, izan ere, horietatik gutxiago saltzen da”
Aurten, baina, ez zarete egongo Durangoko Azokan Gaztelupeko Hotsak moduan…
Fisikoki ez. Gaur egun, musika enpresa guztiak orokorrean txikiak dira; guk bestelako lan karga handia dugu Gabonen buelta honetan eta ezin gara biderkatu. Elkar da gure banatzailea eta han egongo dira gure produktuak.
Bestalde, gauza asko eramango dituzue, baina beste asko ezin dituzue eraman, ezta?
Horrela da. Durangoko Azokara, hemengo musikariak izateaz gainera, euskarazko produkzioa eraman behar da. Guk, berriz, produkzio asko dugu ingelesez, bluesa, batik bat, eta horrek han ez dauka lekurik.
Liburugintza ere lantzen duzue; hortik eramango duzue zerbait?
Ez. 2022ko erabakietako bat izan da libururik ez publikatzea. Guk bi urte daramatzagu digitalizatze prozesuan eta ez dugu gaitasunik denean egoteko. Musika salmenta bera digitalera doa.
Buruhauste handia da?
Hori baino, beste lan batzuk egitea eskatzen duela. Gainera guri musika fisikoa eta zuzenekoa gustatzen zaigu, oso arrotza egiten zaigu bestea.
Zailtasunak zailtasun, Euskal Herrian gehien produzitzen duen diskoetxea da Gaztelupeko Hotsak?
Bai, seguru aski bai. Urtean erreferentzia asko ateratzen ditugu, gutxiago saltzean disko gehiago atera behar ditugulako urtean salmenta iturriak antzerakoak izateko. Urtebetean,15 bat disko (erreferentzia) argitaratzen ditugu.
“Durangoko Azokak beti ematen du zerbait eta produktu berriak ateratzeko epe bat jartzen du”
Hala ere, zuen helburu nagusia ez da izan inoiz salmenta handiak lortzea edo udako kantak sortzea…
Bueno, hortik bizi gara, baina beti izan gara ibilbide luzeko produktuak ateratzekoak. Gu gara Serie B. Eta ohore handiarekin, gainera.
Zenbat erreferentzia ditu Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak?
450etik gora, 90eko hamarkadatik hona.
Eta zeuen lekuari eusten segitzen duzue.
Bai, geroago eta gehiago gaude espezializatuta musika beltzean eta oso-oso gertuko diren euskal artistekin. Egia esan, beti esaten dugu ez garela sartu behar gauza berrietan, baina batzuetan etortzen zaizkigu gauza berriak, bigundu egiten gara eta aurrera egiten dugu.
Artista berriendako, baina, bazarete erreferentzia…
Bai, baina geroago eta zailagoa da artista berri batekin aurrera egitea. Nik uste dut musikagintzan, disko eta kantu on bat egin ahal dela, baina gero hori taula gainean defendatu egin behar da eta gaur egun benetan zaila da. Antzokietakoek nahi dute antzokiak beteko dituzten artistak. Eta halako gutxi daude. Lehen, musika taldeek bira egiten zutenean, Soraluzeko Gaztetxea bira horren barruan zegoen, kontzertu areto modura. Edo txosnaguneak ziren sasoi batean artista berriendako aukerak. Orain, berriz, txosnaguneetara ere talde handiak joaten dira. Hasiberri batendako oso zaila da. Eta egon badaude. Begira Debagoienean egiten ari diren Danbakan zenbat talde dauden. Baina, leku ofizialetan taldeek bete behar dituzten baldintzak oso nekezak dira: Gizarte Segurantza, nominak… ordaindu behar dituzte, ondorioz, amateurismoa asko moztu da. Amateurrek ere profesionalen pareko baldintzak bete behar dituzte eta hori musikagile edo musika talde berri batendako benetan zaila da.
Durangoko Azokara bueltatuz, ematen dio bultzada musikagintzari?
Nik uste dut beti ematen duela zerbait. Eta gainera, epe bat jartzen du, eta produktu berriak Durangoko Azokari begira egiten dira. Gauzak asko aldatu dira, baina Durangoko Azoka bera ere asko aldatzen ari dira.